Teknologia albisteak

Ekainaren 13ko Europar hauteskundeak zuzenean on-line

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-05-10 : 11:05

Internet bidez zuzenean jarraitu ahal izango dira hauteskundeetako emaitzak. Europako Parlamentuak www.elections2004.eu.int webgunean hausteskundeetako datuak argitaratuko ditu ekainaren 13ko gauean; 25 estatu kideetako emaitzak jasoko dira on-line.

Estatu kideak

Webguneak estatu kide bakoitzaren gaineko datuak bilduko ditu: geografia, adierazle demografikoak eta ekonomikoak, hautagaien zerrendak, hauteskunde legeak eta azken bost hauteskunde europarretako parte hartze tasak… Eta ekainaren 13an, hauteskunde egunean, botoen kontaketak eta talde politikoen araberako eurodiputatu berrien banaketak argitaratuko dira www.elections2004.eu.int webgunean.

Amaitzear dagoen legealdia

Bestalde, egungo Parlamentuaren gaineko informazioa ere jasoko da webgunean. Lau urte hauetan Parlamentua nola osatu den azalduko da: aulkien banaketa talde politikoen arabera, estatuka, legealdi honetako gertakari garrantzitsuen laburpena (1999-2004), bideoak eta diskurtsoen pasarteak, etab.

Seigarren Europar Hauteskundeak egiten dira ekainaren 13koak. Lehenengo Europar hauteskundeak 1979 urtean egin ziren. Europar Batasunaren azken zabalkundearekin 734 eurodiputatu izango dira aurrerantzean.

Europar Hauteskundeak ekainaren 10 eta 13 bitartean egingo dira; herrialde guztietan ez baitira hauteskundeak egun berean izango.

Erantzun

Sartu