Teknologia albisteak

Ordenagailu biodegradagarria egin du Fujitsu multinazionalak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-04-29 : 10:04

Fujitsu Japoniako multinazionalak munduko lehenengo ordenagailu biodegradagarria garatu du. Ordenagailuaren karkasa landare erretxinekin eginda dago eta lehengoek baino energia gutxiago gastatzen du, %40 gutxiago.

Konpainiak lehen ere egin zuen proba landare erretxinezko estalkiekin eta ordenagailu eramangarri bat fabrikatu zuen. Baina, ezin zen edozein lekutan erabili, bere osagai batzuk erraz su hartu zezaketen-eta.

Lehen erabilitako teknologia hori baliagarria izan da zati txikiak egiteko, eta sua hain erraz hartzen ez duten materialekin batera, karkasa biodegradagarriak egin dituzte. Material horiek, gainera, su hartzen badute ere, ez dute gas toxikorik botatzen. Datorren urtean hasiko da Fujitsu ordenagailu biodegradagarriak fabrikatzen.

Produktu berdeak egiteko plana

Green Life 21 ekimena jarri zuen martxan Fujitsu multinazionalak 1990ean, ingurugiroa errespetatzen duten produktu ekointeligenteak garatzeko asmoarekin.

Fujitsuren 2003ko sostengarritasun txostenaren arabera, multinazionalak egindako produktuen %66a "berdeak" ziren. Horien artean daude ordenagailu eramangarriak, komunikaziorako azpiegiturak, poltsikoko telefonoak eta mahai gaineko ordenagailuak.

Erantzun

Sartu