Teknologia albisteak

Google, Yahoo!, Microsoft: nork irabaziko?

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2004-05-05 : 13:05

Joanak dira egunak, non Google jaun eta jabe zen bilatzaileen artean, bat ere aurkari seriorik gabe. Yahoo! eta Microsoft handiek asmo sendoa erakutsi dute merkatu horretan lehiatzeko.

BusinessWeek aldizkariak artikulu interesgarria kaleratu zuen joan den astean, eta hor aztertzen zen bilatzaileen etorkizuna.

Jakina da sareko erabiltzaileen ia %50ek Google bilatzailea erabiltzen duela. Hala ere, Yahoo! eta Microsoft ez dira atzean geratuko, eta dagoeneko zorroztu dituzte labanak, eurak ere merkatu horren zati bat nahi dute eta.

Bila dabilenak, aurkitu egiten du

Google aurretik doa, baina beste garai batzuetan ere, ez hain urruti, Apple aurretik zihoan sistema eragileen eremuan, eta Netscape nabigatzaileen artean…, harik eta Microsoft erraldoia sartu zen arte. Beraz, oraingoz ez dago esaterik nork irabaziko duen gudu hau. Baina BusinessWeek aldizkariak sei aldagai hartu ditu kontuan, lehiaren nondik norakoak hobeto ulertzeko.

  1. Marka. Zenbat enpresak lortu dute bere marka aditz bihurtzea? Horixe erdietsi du Googlek. Izan ere, googling aditzak ingelesez esan nahi du sarean bilatzea. Gainera, sarean egiten diren bilaketa guztien ia %50 Googlen egiten dira. Kontuan hartuta, halaber, berak eskaintzen dituela, inork baino argiago, bilaketen emaitzak eta publizitatea bereiztuta, nekez galduko du indarra bere marka. Abantaila: Google.
  2. Teknologia. Googlek hankaz gora jarri zituen aurkariak 1998an, plazaratu zenean. Gaur egun, ostera, lidergo hori estutu egin da, Yahoo!-ren bilatzailea ia bestea bezain ona baita. Eta Yahoo! hasten denean erabiltzen bere 141 milioi erabiltzaileen gaineko informazioa bere bilatzailea pertsonalizatzeko, auskalo zer gerta daitekeen. Abantaila: Yahoo! eta Google.
  3. Irismena. Hurrengo urratsa izan daiteke hedatzea bilaketak beste eremu batzuetara. Pentsa une batez bilatzaile bat duzula zeure mahaigainean, eta honen bidez bila ditzakezula, klik bat eginez, e-posta, Word dokumentuak eta web orriak. 2006rako Microsoftek asmoa du txertatzeko web bilaketa Windows sisteman. Abantaila: Microsoft.
  4. Dirua. Hiru enpresek izango dute diru mordoa inbertitzeko bilatzaileen teknologian. Baina Microsoftek bakarrik 4.7 mila milioi dolar inbertitzen ditu I+G ikerkuntzan eta garapenean, beste biek batera halako ia bi. Abantaila: Microsoft.
  5. Iragarleak. Googlek pasatu egin du Yahoo! iragarle kopuruan, eta dagoeneko 150.000 ditu, Yahoo!-k baino %50 gehiago. Microsoft ere hasiko balitz iragarle bila, Yahoo!-ren kuota are eta gehiago jaitsiko litzateke. Abantaila: Google.
  6. Kudeaketa. Googlek arazo bat du hemen, enpresaren aitzindaritza hiru pertsonaren artean banatzen baita, eta honek eragotzi liezaioke zenbait erabaki hartzea une erabakigarrietan. Microsoften erabakia ere, hutsetik bilatzaile bat eraikitzeko, arazoz betea izan liteke. Abantaila: Yahoo!

Gehiago irakurri nahi izanez gero gai honen inguruan, egin klik hemen

Erantzun

Sartu