Teknologia albisteak
2

Irutxulok hamar urte; zenbaki berezia gaur

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-04-23 : 11:04

Joan den apirilaren 15ean bete ziren 10 urte Irutxuloren lehenengo zenbakia argitaratu zutela. Hori dela eta, Irutxuloren zenbaki berezia aterako dute gaur. Harpidedunek beraien etxean jasoko dute zenbaki berezia, ostiralero bezala, baina gainontzekoek ere izango dute eskuratzeko aukera. Horrekin batera, bertso-trama antolatu dute maiatzaren 8rako.

Ostiralero iristen da Irutxulo 5.000 donostiarren etxeetara. Gaurko eguna berezia izanik, 12.000 ale banatuko dituzte harpidedunen artean eta bestelako lekuetan, banaketa berezia eginez: euskaltegietan, kultur etxeetan,...

Irutxulo aldizkariak 36 orrialde izaten ditu normalean, azala koloretan eta beste guztia zuri beltzean. Gaurko zenbaki bereziak 48 orrialde izango ditu eta guztia koloretan joango da.

Artikulu bereziak urteurrena ospatzeko

Irutxuloren hamargarren urteurrena ospatzeko, aldizkariaren edukia ere ezberdina izango da. Hona hemen gaurko ale bereziak izango dituen edukietako batzuk:

  • Irutxuloren historia laburbiltzen duen artikulua.
  • Irutxulo izenaren inguruko artikulua: Garai batean arrantzaleek hala deitzen zioten Donostiari; itsasotik ikusita hiru zuloz osatua dagoelako. Irutxulo izena oso errotuta egon izan da beti Donostian eta San Sebastian martxan ere aipatzen da.
  • Mahainguru bat egin dute Irutxuloren zuzendari izandako guztiekin, Irutxuloren gainean hitz egiteko.
  • Atalik garrantzitsuena: hamar urte hauetan Donostian izan diren aldaketen berri jasoko duen atala, beti ere Irutxulotik ikusita.

Bertso-trama: "10 urte Irutxulotik kuxkuxean"

Zenbaki bereziarekin batera, ekitaldi bat ere antolatu dute; bertso-trama izango da maiatzaren 8an, Groseko Okendo kultura etxean. "10 urte Irutxulotik kuxkuxean" izenburua izango du bertso-tramak. Bertsolariak honako hauek: Amets Arzallus, Jon Martin, Anjel Mari Peñagarikano eta Jexux Mari Irazu.

Hamar urteko ibilbidea

Duela hamar urte, 1994ko apirilaren 15ean irten zen Irutxuloren lehenengo zenbakia. Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak sortu zuen Irutxulo aldizkaria. Elkartearen inguruko lagunek ikusi zuten komunikabideen inguruan zerbait egitea ondo egon zitekeela. Garai hartan baziren herri aldizkari batzuk, baina ez zegoen hiriburuetan halakorik. Hala, Donostia izan zitekeela lehenengoa pentsatu eta Irutxulo sortu zuten.

Hasieran, aldizkari guztia zuri beltzean argitaratzen zuten. Beranduago azala koloretan egiten hasi ziren, eta gaur egun ere halako Irutxulo jasotzen dute donostiarrek: azala koloretan eta barrukoa zuri beltzean. 1997-98 inguruan aldizkariaren diseinua aldatu zuten.

Irutxuloren alaba: Gaztetxulo

Urte hauetan egindako urrats handienetarikoa Gaztetxuloren sorrera izan da. Duela urte batzuk ikerketa bat burutu zuten Irutxuloren irakurleen artean, eta konturatu ziren irakurle gehienak gazteak zirela. Horrela, Irutxulo barruan Gaztetxulo izeneko atala sortzea erabaki zuten. Izan zuen harrera ona ikusita, hilabetean behin banatzen zen aldizkari bihurtu zen Gaztetxulo.

Gaztetxulo Donostiatik ateratzea erabaki zuten 2000ko urrian. Hala, Euskal Herriko gazteen hilabetekaria bilakatu da Gaztetxulo. Aitziber Iartzak, Irutxuloko zuzendarietako batek esan digunez, "Irutxuloren alaba da Gaztetxulo, baina ama baino alaba handiagoa".

Horrez gain, produktu berezituak egiten hasi ziren duela 4-5 urte. Liburuxka bereziak atera izan dituzte estropadetan, gabonetan eta euskal jaietan, besteak beste.

Zorionak hemendik!!!!

Erantzunak

Jo
2004-04-26 : 11:09

ZORIONAK!!!



Ez du zerikusirik, baina penagarria da bidalitako urteurren guztien erreferentziak ez irtetea Sustatun. Zertan zabiltzate???

Pepito
2004-04-26 : 15:52

...eta zu? zertan zabiltza?



Aportaziorik badaukazu, egin, baina ez eskatu konturik besteei egin ez dutenagatik. Hor dago ezkerrean, Zeuk idatzi lotura.





Erantzun

Sartu