Teknologia albisteak

"Euskal Unibertsitatea, ezina ekinez egina"

Erabiltzailearen aurpegia
Euskal Herriak Euskal Unibertsitatea - Euskal Herriak Euskal Unibertsitatea
2004-04-22 : 11:04

"Euskal Herriak Bere Eskola" hezkuntza arloko hainbat eta hainbat lagun (Euskal Herri osokoak; ikasleak, irakasleak eta gurasoak; lehen eta bigarren hezkuntzakoak, unibertsitatekoak; ikastoletakoak, publikakoak) biltzen dituen eragilea da. Hezkuntza sistema propio baten aldeko dinamika soziala sustatzeko helburuarekin sortu zen duela bi urte.

Hezkuntza sistema propio horren bidean, bost puntuko Aldarrikapen Taula plazaratu du:

  1. Haur eskola euskalduna eta herritarra.
  2. Eskolak euskaldundu behar du.
  3. Euskal eskolak euskal curriculuma.
  4. Lanbide eskola euskaraz.
  5. Euskal Herriak euskal unibertsitatea.

Azkeneko aldarrikapenari dagokionez, Euskal Herriak Euskal Unibertsitatea izeneko dinamika bultzatu dute azken bi ikasturteetan, besteak beste 31.000 sinadura bilduz. Orain, "Euskal Unibertsitatea, ezina ekinez egina" lelopean, ekimen berria abiatu dute.

Hiru izan dira ekimen honekin lortu nahi dituzten helburuak:

  • Lehenik eta behin, Euskal Unibertsitatearen aldarriari bide ematen jarraitzea. Joan den urteko sinadura bilketan jasotako 31.000 euskal herritarren eskaeren babesaz, unibertsitate proiektu berri baten aldeko masa soziala zabaltzen, elikatzen eta trinkotzen jarraitu nahi dute.
  • Bigarrenik, urrats kualitatibo bat eman nahi dute dinamika honetan: Euskal Unibertsitatea lelo abstraktu bat izateari utzi eta egingarria den proiektua bezala irudikatzen hasi nahi dute.
  • Eta azkenik, UEUk bere II. Kongresuan sortu zuen Sustapen Taldeari ekarpena egin nahi diote. Izan ere, talde horrek hartu du bere gain euskal unibertsitatearen egitasmoaren diseinua egiteko ardura. Euskal Herriak Bere Eskolaren asmoa prozesu hori osagarritzea da, herritarren ekarpenez osagarritzea hain zuzen ere. Sustapen Taldeak egin asmo duen diseinua, herritarrek bultzatutako dinamika sozialarekin babestu nahi dute. Batetik, prozesu hau partehartzailea izango dela ziurtatzeko herritarren ekarpena beharrezkoa baita; bestetik, unibertsitate proiektu berri bat martxan jartzeko, unibertsitateko kideen parte hartzea ez ezik gizarte osoarena ere beharrezkoa da, bera izango baita bere onuradun nagusia.

Ekitaldi soziala

Euskal Herriak Bere Eskolak ekitaldi soziala antolatu du apirilaren 23an, Andoaingo Martin Ugalde Parkean. Ekitaldia arratsaldeko 16:30ean hasiko da, hainbat herri egitasmoren sorreran (Euskaldunon Egunkaria, Irunberriko Ikastola, Euskal Selekzioa, Helduen Euskalduntzea...) parte hartu duten lagunen arteko mahai inguruarekin. Ondoren, Euskal Herriak Bere Eskolako kideek agiria aurkeztuko dute. Ekitaldi honetarako gonbidapena zabaldu nahi diote interesatua dagoen orori eta, nola ez, baita UEUkideei ere.

Informazio gehiago eta harremanetan jartzeko: eheu@euskalerria.org

Euskal Herriak Euskal Unibertsitatea

Erantzun

Sartu