Sustatu logoa Teknologia albisteak

Buruan txertatutako txipa ordenagailua pentsamenduarekin erabiltzeko

Sustatu - Sustatu
2004-04-22 10:04

AEBetako gobernuak bere oniritzia eman dio Cyberkinetics enpresari txipak gizakietan proba ditzan. Cyberkinetics-en asmoa da datorren hilean hastea probak egiten, Bostongo ospitale batean. Han, neurokirurgialari batek txertatuko die bost laguni "Brain Gate" izeneko txipa.

Aurrekariak

Aurretik, primateekin egin zituzten esperimentuak. Burmuinarekin lan eginez eta elektrodo batzuekin pantaila informatiko batean kurtsorea mugitzea lortu zuten primateek, baita beso robotiko bat mugitzea ere.

Atlantako neurologo batek bi elektrodoko txip bat txertatzea lortu zuen mugitzeko zailtasunak zituzten pertsona batzuen burmuinean, 1996an. Txip horiekin lortu zuten minutuko hiru hitz tekleatzea ordenagailu batean.

Cyberkinetics-en proiektuak, baina, arrakasta handiagoa izango duela uste dute. Izan ere, txipak bi elektrodo izan beharrean, ehun ditu. Bestalde, 2X2 milimetroko tamainua izango du. Enpresa horrek espero du produktuaren bertsio hobetua merkaturatzea hiru edo lau urte barru. Proiektuaren kostua bederatzi milioi eurokoa da.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu