Teknologia albisteak
1

Richard Stallman Bizkaian: azkenean doan ere bai!

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-04-20 : 13:04

Richard Stallman CiberArt Bilbao Ekitaldira etorriko dela kontatu genuen. Jardunaldi horretan parte hartzeko, 120 euroko matrikula egin behar zen. Hala ere, software librearen guru nagusia, RMS, doan ikusteko aukera ere izango da, Bizkaian, apirilaren 26an.

Duela aste batzuk eman genuen Stallman-en bisitaren berri Sustatun. Informazioa osatu dezakegu orain.

CiberArt ekitaldiaren barruan emango duen hitzaldia, datorren astelehenean izango da, hilak 26. Goizeko 9.40an izango da Euskalduna Jauregiko hitzaldia, A1 aretoan. 600 lagunentzako sarbidea du, eta CiberArt-eko matrikula egin dutenek izango dute sartzeko lehentasuna, matrikulatu gabeentzat ere, tokirik balegoi, sarbidea egongo delarik. Ingelesez hitz egingo du Richard M. Stallmanek Euskalduna: Software librea, kultura librea izenburuko hitzaldia emango du

Ondoren, arratsaldez, Deustuko Unibertsitatea bisitatuko du Stallman-ek. 17.30etan, bertako komunitate akademikoarekin eta euskal hacker taldeekin elkartuko da, paraninfoa. Sarbidea bakarrik aretoaren tamainak mugatuko du (400 lagun). Deustuko Unibertsitaterako bisita CiberArt-ek eta Deustuko Unibertsitateko software libreko taldeak, e-Ghost-ek, antolatu dute. Bien artean adostu da informazio hau zabaltzea, honako agiri honen bidez (gaztelaniaz). Deustuko paraninfoan emango duena gaztelaniaz izango da (badaki Stallmanek), bere hitzaldi klasiko bat: Software librearen mugimendua eta GNU/Linux sistema eragilea.

Azkenik, iluntzean (Sustatu-n bertan iragarri zutenez baina oraingoz ordu zehatzaren informaziorik gabe) Leioako Udondo Gaztetxeko Metabolik Hacklab-ekoek antolatuta, afari-elkarketa bat egingo da Stallman-ekin lasai-lasai egoteko aukerarekin, eta bidez batez, X-Evian LiveCDa aurkeztuko dute. Printzipioz, 20.30etan hori, baina jarri kontaktuan Metabolik-ekoekin, afarian laguntzatxo bat emateko ere ez zaie gaizki etorriko eta.

Erantzunak

Txopi
2004-04-20 : 16:08

Udondo Gaztetxeko afaria ezerezean geratu da, Stallmanek agenda oso betea zuela eta gonbitea berandu luzatu diogula eta. Taldeko batzuk berarekin egongo dira eta aurrerago egingo dugun ekitaldi batean berak parte hartzea espero dugu. Informazio gehiago dagoenean botako dut hemen albistea...

Erantzun

Sartu