Amazon liburu dendak A9.com izeneko bilatzailea atera du Interneterako. Googlen oinarritzen da, baina beste hainbat aukera ere eskaintzen ditu. Google, Yahoo eta Microsoften bilatzaileekin lehiatu beharko du.
Interneteko bilatzaileei lotutako salmenten merkatua geroz eta indar handiagoa hartzen ari da, eta dagoeneko sareko merkaturik handienen artean dago. Merkatu horretan borrokan ari dira Google, Yahoo eta Microsoft, etengabe zerbitzu berriak eta hobekuntzak eskainiz erabiltzaileei. Amazonek ere borroka horretan sartu nahi izan du.
Bilatzaile berriak diseinu kuriosoa du, pastel koloreetan. Bilaketen historia propioa egiteko eta gordetzeko aukera ematen du (erregistratuz gero). Amazonek saltzen dituen liburuetan informazioa bilatzeko aukera ere eskaintzen du eta traba egiten duten pop-up leihotxoak ere blokeatu daitezke. Bere bilatzaile tresna propioarekin batera, Google, Amazon eta Alexaren bilaketa tresnak ere erabiltzen ditu.
Udi Manber da www.A9.com-eko zuzendaria, Yahooko teknologia saileko burua izan zen Manber. Duela bi urte hasi zen Amazonekin lanean. Hasiera batean, Amazoneko liburuetan bilaketak egiteko zerbitzua jarri nahi zuen martxan.
Joan den irailean iragarri zuen Amazonek barruko bilaketak egiteko produktu bat jarriko zuela martxan. Baina, azkenean badirudi hasieran iragarri zutena baino handiagoa izango dela proiektua.
Amazonen bulego nagusiak Seattlen dauden arren, A9 bilatzailea Palo Alton (Kalifornian) kokatuta dago, Yahoo eta Googlek bulegoak dituzten leku berean.
Detaile bat gustatu zaidana bilatzaile honetatik. URL bidez bilaketa egiteko modu sinplea.
Honela idatzi eta listo: