Teknologia albisteak
2

Zientzia.net atarian berrikuntzak eta lehiaketa bat

Erabiltzailearen aurpegia
Rakel Lopez - Elhuyar Fundazioa
2004-04-15 : 12:04

Zientzia-dibulgazioa euskaraz lantzen duen Zientzia.net atariak, berrikuntza ugari aurkeztu ditu gaur. Diseinu berria eta atal berriak ditu, eta, gainera, lehiaketa bat jarri da martxan.

Lehiaketan, Elhuyarren produktuez gain, Euskadiko Nekazalturismo eta Landetxeen Elkarteak oparituta, landa-etxe batean asteburu bat igarotzeko txartela zozkatuko da.

Gaurtik aurrera berrikuntza ugari egongo dira www.zientzia.net atarian, zientzia-dibulgazioa euskaraz lantzen duen lehen atarian, hain zuzen ere. Lehenengo berrikuntza begi-bistakoa izango da, diseinu berria izango baitu Zientzia.net-ek. Edukiei dagokienez, hauek izango dira aldaketa nabarmenenak: Hiru atal berri egongo dira: Hileko zerua, Dibulgazio-liburuak eta Gaiak. Lehenengoan, astronomiako efemerideak argitaratuko dira. Zerua begiratzea atsegin dutenek hilez hil eta egunez egun behatzea merezi duten fenomeno astronomikoen berri izango dute. Dibulgazio-liburuak atalean, hilero liburu bat gomendatuko da. Baina gomendioez gain, zientzia.net-eko erabiltzaileek beren iritzia sartzeko txokoa ere izango dute. Azkenik, Gaiak atalean, www.zientzia.net atarian dituen eduki guztiak aurkitu ahal izango dira, gaiaren eta azpigaiaren arabera sailkatuta. Guztira 9.000 edukitik gora.

Egun dauden atalei dagokienez, Berriak euskaraz atala Artikuluak atala izango da hemendik aurrera; Berriak erdaraz atalari, aldiz, Sarean deituko zaio. Zientzia eta Teknologiaren hiztegian 14.500 kontzeptu daude dagoeneko, eta kontzeptu horien ingelesezko, gaztelerazko eta frantsesezko ordainak ere aurkitu ahal izango dira. Gainerako atalak (Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkaria, Dosierrak, Agenda...) berdin mantenduko dira.

Diseinuari eta edukiei buruzko edukiez gain, sei aste iraungo duen lehiaketa bat jarriko da abian. Zientzia.net-eko erabiltzaileek astero 5 galderari erantzun beharko diete. Zuzen erantzuten dutenen artean, Elhuyarren produktuak zozkatuko dira astero. Eta, sei asteetan galdera guztiak ondo erantzun dituztenen artean, landa-etxe batean asteburu bat igarotzeko txartela ere zozkatuko da. Opari hori Euskadiko Nekazalturismo eta Landetxeen Elkarteak ematen du, eta egonaldia irabazleak berak aukeratutako landa-etxean egingo du.

www.zientzia.net atariari buruz Zientzia eta teknologiari buruzko ataria da zientzia.net. Horrekin batera, beste ezaugarri nagusi hauek ditu: erraz ulertzeko moduan lantzen ditu gai zientifiko eta teknologikoak, euskaraz eta –jakina– Interneten. Gaur egun, 30.000 bisitari eta ia 500 harpidedun ditu.

Erantzunak

Helios
2004-04-15 : 12:41

Sartu naiz Zientzia.net-en, baina mezu hau agertu zait: "Aldaketak egiten ari gara, barkatu eragozpenak". Lastima.

Rakel Lopez
2004-04-15 : 13:33

Arazo txiki bat izan dugu zerbitzarian, baina jada konponduta dago. Beraz, jada prest dago Zientzia.net berria!







Sartu naiz Zientzia.net-en, baina mezu hau agertu zait: "Aldaketak egiten ari gara, barkatu eragozpenak". Lastima.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago