SpyMac hasi da 1GBeko e-posta eskaintzen, doan
SpyMac enpresa txikiak hautsak harrotu ditu Mac erabiltzaileen artean. Izan ere, Googlek posta zerbitzu berria iragarri eta berehala, bera ere eskaintzen hasi da posta zerbitzua, doan, eta berdindu egin du Gmail zerbitzuaren eskaintza, dagoeneko hasi baita eskaintzen posta zerbitzua, 1GB biltegiratzeko ahalmenarekin.
Eskaintza tentagarria
SpyMac-ek gauza asko eskaintzen die Mac erabiltzaileei, baldin eta izena ematen badute, doan. Hona hemen horietako zenbait:
- 100MBko espazioa sarean. SpyMac-ek disko bat jarriko du erabiltzaile bakoitzarentzat, SpyDisk izenekoa, eta norberak hor gorde ahal izango ditu bere karpetak. Sarbidea ere, edozein ordenagailutatik izango du erabiltzaileak. Horretarako izena eta pasahitza sartzea baino ez du izango.
- 1GBeko posta kontua. Kanpotik POP3 bidez sar daiteke, edo SpyMac webgunetik bertatik. Erabiltzaileak 1.000 mega izango ditu bere e-posta gordetzeko. Beraz, hamar urtean lasai asko pila ditzake mezu guztiak. Gainera, SpyMac-ek bilaketa sistema bat du, mezuak aztertzeko.
- 250MB, argazkiak sarean gordetzeko. SpyMac Galeriak leku bikaina eskaintzen du erabiltzaileen argazkiak erakusteko, pasahitz baten bidez, ala irekian.
- iCal ostatatzea. Erabiltzaileak erakutsi eta partekatu ahal izango du bere egutegi elektronikoa (iCal) beste lankide edo lagun batzuekin, modu pribatuan edo publikoan, nola erabakitzen duen.
- Blog pertsonala. Klik pare bat egin, eta erabiltzaileak bere esku izan ditzake blog pertsonal bat, forum bat eta galeria bat, dena 100MBrekin batera.
- Eduki jarraitzailea. Erabiltzaileak jasoko ditu izenbururik interesgarrienak, SpyMac-ek eskaintzen dituen agerkari elektroniko piloan aukera bat egin ostean.
Desafioa Googleri eta Appleri
SpyMacek desafio galanta egin die, bai Googleri, honen zerbitzua oraindik probatzen ari baitira, beta fasean, eta baita Applen .mac zerbitzuari, honek antzeko zerbitzuak eskaintzen baititu, baina gutxiago eta garestiago.
Adibidez, SpyMac-ek 1GB eskaintzen duen bitartean e-postarako, .mac-ek 15MB baino ez ditu eskaintzen. Azken honek, gainera, ez du eskaintzen tokirik argazkiak erakusteko. Eta urtean 99 dolar kobratzen du, bestea erabat doan den bitartean.
SpyMac enpresaren postak, azkenik, ez du iragarkirik sartuko mezuan azaltzen diren hitzen arabera, Gmail-ek egingo duen gisa.
Erantzunak kargatzen...