Teknologia albisteak

Dispositiba digitalak zure mahai gainean

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2004-04-10 : 01:04

Gero eta argazki kamera digital gehiago erosten ari gara, baina askotan ez dakigu nola erakutsi argazki hauek. Ez larritu. Atera berri da lauki bat argazki digitalak erakusteko, diapositibak bailiran.

Argazki kamera digitalak onura asko ekarri digute, eta inoiz baino merkeago saltzen dira. Hala ere, badute eragozpen handi bat: zer egin argazki horiekin, nola erakutsi? Izan ere, daudenetan ezin dira itsatsi hozkailuan, edo sailkatu album batean.

Lauki digitala

Aurten bertan, baina, produktu berri bat kaleratu da AEB Ameriketako Estatu Batuetan, lauki bat argazki digitalak erakusteko, eta hautsak harrotzen ari da hango yuppien artean. Walter S. Mossberg adituak horietako bi aztertu ditu The Wall Street Journal egunkarian.

Lauki digitalak dauka kristal likidozko pantaila bat, argazkiak ikusteko markoen antzera, baina barruan duen teknologiak aukera ematen dio erakusteko irudi digitalak, diaporama batean bezala. Mossbergek hauetako bi lauki aztertu ditu, VistaFrame eta MemoryFrames.

VistaFrame

Vialta enpresak kaleratu du lauki digital hau, eta saltzen du 299,99 dolarretan. Itxura futurista du, zilar eta gris koloretan. Erreten batzuk ditu argazkiak laukian kargatzeko, eta horretarako onartzen ditu bost memoria txartel: CompactFlash, Memory Stick, ScureDigital, MultiMediaCard eta SmartMedia. Zortzi argazki sar daitezke bertan, arazorik gabe, nahiz eta denbora dezente behar izaten den horretarako.

VistaFramek menu bat dauka, eta honek lau aukera eskaintzen ditu: ikusi argazkiak, antolatu diapositiba pasea, aldatu ezarpenak eta ezabatu argazkiak. Pantailaren eskuin aldean zortzi botoi dauzka, lehen kolpean ezkutaturik, eta gehien erabiliko direnak —“diaporama” eta “aukeratu”— tamaina handiagoan.

MemoryFrames

Pacific Digital enpresaren MemoryFrames, berriz, 449 dolar kostatzen da, eta egurrezko lauki dotore batekin dator, halako ukitu klasikoa ematen diona. Atzealdean USB ataka zenbait dauzka, eta horrek ahalbidetzen du kable bidez ordenagilua konektatzea, argazki kamera digitala edo disko eramangarri bat. Lauki honek 80 argazki erakuts litzake, besteak baino askoz ere gehiago. Hori bai, Mossbergek 20 minutu behar izan zituen 38 argazki kargatzeko, denbora mordoa.

Memory Framek askoz ere botoi gehiago ditu, eta honek zaildu egiten du laukiaren manejoa. Bereizmena, aldiz, askoz hobea omen du besteak baino.

Bata zein bestea oraindik garesti samar izan daitezke guretzat, baina ez dago zalantzarik berandu baino lehen askoz ere aparailu hobeak eta merkeagoak izango ditugula geure argazki digitalak etxeko edozein txokotan ikusteko, hauek egiten duten bezala.

Erantzun

Sartu