Zerga aitorpenerako informazioa on-line eskaintzen du Gipuzkoako Diputazioak
2003ko zerga ekitaldiari dagokion errenta aitorpen kanpaina apirilaren 26an hasiko da. Aurten, Gipuzkoako Foru Ogasunak aurretik eskaintzen zuen Internet zerbitzua aberastu eta hobetu egin du, informazioa modu erosoagoan eskuratzeko.
Laster hasi beharko dugu iazko ekitaldiko errenta aitorpena prestatzen. Apirilaren 26an hasten da kanpaina, baina errenta zergaren likidazio proposamena postaz jasotzen duten zergadunek astebete lehenago onartu ahal izango dute, dela telefonoz dela Internet bidez.
Internet zerbitzua hobetu dute Gipuzkoan
Aurten, berritasun moduan, zergadunak lehen aldiz sartu ahal izango dira Foru Ogasunak haiei buruz duen zerga informazioan: errentak, atxikipenak, gastuak, eta abar. Hori bai; informazio hori jasotzeko, zergadunak webgunean identifikatu beharko du bere burua aldez aurretik emango zaion pasahitza sartuz.
Aurreko urteetan bezala, errenta eta ondarearen urteko aitorpenak aurkeztea errazagoa izan dadin, Gipuzkoako Foru Ogasunak eduki informatibo eta telematikoak biltzen dituen webgune bat argitaratzen du Interneten. Honako zerbitzuak eskaintzen ditu:
- Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea.
- Zergadun jakin batzuei postaz bidalitako likidazio proposamenak onartzea.
- Laguntza programak jaistea.
- Errenta eta ondare aitorpenak internet bidez aurkeztea.
- Itzulketen egoerari buruz galdetzea.
- Zerga kontsultak egitea.
Bizkaian aitzindariak
Gipuzkoan aurten jarri dute bakoitzaren zerga informazioa sarean eskuratzeko aukera, baina Bizkaiko Foru Aldundiak bazuen lehen ere zerbitzu hori. Foru Ogasunaren Bulego Birtualak eskaintzen du zerbitzu hori, BizkaiBai-ko kideentzako. Bizkaian izan ziren aitzindariak.
Erantzunak kargatzen...