Teknologia albisteak

Tivo: Etorkizuneko telebista

Erabiltzailearen aurpegia
Gari Araolaza - CS
2004-04-15 : 19:04

Athletic-Real derbia telebistaz ikusten ari zara. 1-1-eko emaitza 89' minutuan eta Errealaren aurkako penaltia. Telefonoak jotzen du, urruneko agintean klik egin eta irudia izozten da. Telefonoari erantzun ondoren, berriz martxan jarri eta Riesgok ederki gelditu duela ikusi ahal izan duzu. Baina partidua zuzenean bazen, gelditu ahal izan duzu irudia? Hori egin daiteke Tivorekin.

Etorkizuneko bideo grabagailua da Tivo. Tripak ireki ezkero ordenagailu baten antzeko zerbait ikusiko genuke, baina kanpoko itxura bideo edo DVD aparailu batena da. Ez du zintarik ez diskarik onartzen, eta dena disko gogor batetan gordetzen du, formatu digitalean, DVDak bezala.

Zer egin daiteke Tivorekin?

Aukera asko ditu, besteen artean:

  • Momentuan ikusten ari garen emisio bat grabatu, irudia gelditu, atzera bota, berriz aurrera eta abar.
  • Bi saio aldi berean grabatu daitezke (eta hirugarrena ikusi...)
  • Etxera 10:10ean iritsi ezkero eta nahi genuen filma 10tan hasi bada, hasieratik ikusten hasi (aldi berean grabatzen eta ikusten ari garela)
  • Zuk aukeratutako aktore, aurkezle, musika talde edo zine zuzendariaren filma eta agerpen guztiak automatikoki grabatuko dira, edozein kanal eta egunetan.
  • Zuk aukeratutako telesaila ematen duten guztietan grabatuko dizu.
  • Programazio aldaketak daudenean ere lasai, berak egingo bait ditu beharrezko aldaketak.
  • Guztira 140 orduko grabaketa izan dezakezu gordeta.
  • Argazki kamera digitaleko argazkiak, MP3ak eta abar gorde, ikusi eta entzuteko erabil daiteke.

Nola lor daiteke Tivo ?

Oraingoz zerbitzua AEB-tan eta Erresuma Batuan bakarrik kontratatu daiteke, baina gauza guzti hauek bezala laster etorriko da gure artera.

  • 150$ inguru ordaindu behar dira aparailua erosteko.
  • Hileroko kuota 13$ da.
  • Telefonoa lotu behar zaio, gaur egungo telebista digitaleko dekodetzaileei bezala.

Informazio guztia TIVO-ren webgunean demo eta guzti.

Erantzun

Sartu