Sustatu logoa Teknologia albisteak

"Gmail": GB 1eko posta elektronikoa Googlekin

Sustatu - Sustatu
2004-04-02 12:04

"Gmail" probak egingo ditu Googlek. Posta elektronikoa eskaintzen duen doako zerbitzua da eta gigabyte baterainoko informazioa gordetzeko aukera emango du. Berria atzo zabaldu zen, baina Estatu Batuetan bromak egiteko erabiltzen duten eguna (April's Fool) izaki, berriaren gaineko zalantzak izan dira.

Zerbitzua doakoa

Yahoo! eta MSM Hotmail konpetentzia zerbitzuen aldean, Googlek doan eskainiko du GB 1 biltzeko ahalmena duen posta elektroniko zerbitzua. Aldi berean, zerbitzuaren barne, mezu zerrendan bilaketak egiteko tresnak izango dituela adierazi dute Googleko ordezkariek. Horrela, erabiltzaileak ez ditu karpetak sortu behar izango.

Gmail zerbitzuak, Googlen politika jarraituz, ez du bannerrik izango ezta pop-upsik ere. Hala ere, mezu bakoitzean testuinguruari dagokion publizitate testua ezarriko da.

Oraingoz, 1.000 pertsona inguru ari dira zerbitzu berri hau probatzen. Laster zabalduko da bere hedapena mundu guztira. Hasera batean, atzoko egunez, Estatu Batuetan bromak egiteko eguna zenez, albistearen gaineko zalantzak nagusitu ziren. Albiste hau gezurra ez dela konfirmatu du Google Españak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu