Hizkuntz Eskubideen Behatokiak helegitea jarri du Madrilgo Auzitegi Gorenean Fernando Ruiz Piñeiroren izendapenaren aurka. Aginte Judizialaren Kontseilu Gorenak proposatuta, Fernando Ruiz Piñeiro epailea izendatu zuten Euskadiko Goi Auzi-tegiko Buru joan den otsailean. Hautagaien hirukotean epaile euskaldun bat egon arren, euskaraz ez dakien epaile hau izan zen hautatua.
Hizkuntz eskubideen urrapena
Behatokiaren ustez, izendapen honek euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzen ditu, eta eskubideak ez ezik, baita indarrean dauden zenbait lege ere. Horregatik, gaiaren gorabeherak aztertu ondoren helegitea jartzea erabaki du azkenean.
Fernando Ruiz Piñeirok bere izendapena jakin ostean epaile lanerako euskara ez zela beharrezkoa deklaratu zuen, erdaldun hutsa izateagatik jaso zituen kritikei erantzunez. Juan Inazio Hartsuagak, Behatokiko zuzendariak garbi ikusten du euskaraz jakitea beharrezkoa dela "euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatzeko, eta gainera ez dut hain garbi ikusten izendapen hau legeen araberakoa izan denik".
Legeak dioena
EAEko Autonomia Estatutuaren 35. artikuluak eta Aginte Judizialaren Lege Organikoaren 341.1 artikuluak diotenez, kasu honetan euskara "lehentasunezko meritutzat" jo behar zen, eta ez besteak bezalako meritutzat izendapen honetan egin den bezala.
Gainera Juan Inazio Hartsuagaren ustez, legearen interpretazioa Hizkuntzen Euroitunaren testuinguruan egin behar da, itun hau Espainiak sinatua eta berretsia duelako, eta honen 7. eta 9. artikuluak oso garbi adierazten dute hizkuntz gutxituen hiztunen eskubideen aldeko jarrera.
Erantzun
Sartu