Sustatu logoa Teknologia albisteak

Mugarik Gabeko Berriemaileen sariak, Internet zapaltzen dutenentzat

Sustatu - Sustatu
2004-04-01 12:04

Egunotan Frantzia eta beste hainbat herrialde frankofonotan egiten ari diren Interneteko Festa aitzakia hartuta, Mugarik Gabeko Berriemaileek Internet zapaltzen dutenak saritu dituzte. Urrezko Palma Txinak jaso du, baina beste herrialde batzuek ere jaso dute sariren bat; Saudi Arabia, Vietnam eta Kubak, adibidez.

Guztira, bederatzi sari eman dituzte Mugarik Gabeko Berriemaileek. Sariak ematearekin batera, gogoan izan dituzte sarean euren gobernuen aurka zerbait argitaratzeagatik kartzelan dauden 72 ziberdisidenteak. Honako hauek izan dira sariak eta saridunak:

  • Urrezko Palma: Txinak jaso du sari nagusia, eta aktore onenaren saria eman diote Hu Jintao presidenteari. 60 ziberdisidente kartzelan, milaka webgune filtratuta eta posta elektronikoen gaineko zainketa gogorra; horiexek dira Txinako gobernuaren merituak.
  • Zentsuraren Sari Nagusia: Saudi Arabia. 400.000 webgune baino gehiago daude ofizialki zentsuratuta herrialde horretan: eduki politikodun atariak, islamistenak edota edozein sexu zantzu dutenak.
  • Kartzelariari Saria: Vietnam. Zazpi internauta daude kartzelan. Txinaren ondoren, bigarren kartzelari handiena da Vietnam.
  • Sektore Publikoari Saria: Kuba. Kubako gobernuak sarearen erabateko kontrola du, ETECSA enpresa publikoaren bitartez.
  • Dekoratu Onenari Saria: Maldivak. Hiru ziberdisidente daude kartzelan Maldivetan, baina gertaera hori baino ezagunagoak dira bere hondartzak. Kartzelan daudenetatik bik, gainera, bizi guztirako kartzela zigorra dute.
  • Kritikaren Saria: Siria. Bertako gobernuak bi internauta ditu kartzelan, errejimenari buruzko hainbat informazio kritiko Interneten zabaltzeagatik.
  • Komunikabideen Sari Berezia: Zimbaweko presidenteari, Robert Mugaberi. Prentsa askatasunari egin dizkion kalteengatik.
  • Hipokresiaren Sari Nagusia: ONU eta Informazio Gizartearen gaineko Mundu Gailurra. Gailur horrek salbuespen lurralde izendatu zituen Internet gehien erreprimitzen duten bi lurralde; Txina eta Kuba.
  • Epaimahaiaren Sari Nagusia: Nicole Fontaine, Frantziako Industria Ministroa. Ekonomia digitalari buruzko proposamenagatik.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu