Abian da Santurtziko Udal Euskaltegiak eta Euskara Zerbitzuak urtero antolatzen duten "Sarean Kontari" ipuin lehiaketa. Lanak 2004ko apirilaren 1etik 30era bitartean aurkeztu behar dira.
III. edizioa da aurtengoa eta aurrekoetan bezala parte hartze handia espero dugu.
Botoa emateko aukera
Lau sari izango dira lehiaketan eta beraietako bat, 200 eurokoa, internautek erabakiko dute online jarriko diren ipuinen artean gustokoena aukeratuz. Horretarako, posta elektronikoz botoa bidali beharko da aurrerago zehaztuko diren datetan.
Ipuinak bidaltzeko epea apirilaren 1etik 30era bitartekoa da eta irabazleen izenak maiatzaren 23a baino lehen emango dira jakitera. Guztiaren berri, www.santurtzi.com webgunean daukazue.
Lehiaketaren oinarriak:
1-. Gaia: Norberak aukeratua. Baldintza bakarra ipuina izatea izango da, idazleak berak sortutakoa eta argitaragabea.
2-. Kategoria: Bakarra. Partehartzaileek 18 urtetik gora izan beharko dute.
3-. Idazlanen luzera: Gutxienez bi orrialde izan beharko dute aurkeztutako lanek eta gehienez 5. Orrialde bakoitzak 30 lerro izango ditu arial 10 letra mota erabilita.
4-. Aurkezteko modua: Lanak posta elektronikoa erabilita bidaliko dira. Lehiaketan parte hartu nahi dela adieraziz bidaliko da mezu bat ipuin-lehiaketa@santurtzieus.com helbidera eta mezuari ipuina erantsiko zaio .doc erara. Jaso ahala, santurtzieus.com web-gunean jarriko dira lanak.
5-. Epea: Lanak 2004ko apirilaren 1etik 30era bitartean bidali beharko dira, biak barne.
6-. Sariak: Lau sari egongo dira. Hauetatik hiru epaimahaiak emango ditu eta laugarrena, irakurleek. Saritutako ipuinak aipatutako web-gunean argitaratuko dira.
7-. Epaimahaia: Santurtziko Udaleko Kultura Arloko zinegotziak izendatzen duen ordezkari bat, Santurtziko Udal Euskaltegiko ordezkari bat, Euskal Idazleen Elkarteko ordezkari bat eta Euskaltzaindiaren ordezkari bat. Udaleko ordezkariak beteko du epaimahaiburu lana eta idazkaria, berriz, Santurtziko Udal Euskaltegiko ordezkaria izango da.
8-. Balorazio irizpideak: Honako hauek baloratuko ditu epaimahaiak: hizkeraren naturaltasuna, aberastasuna, estiloa, originaltasuna. Epaimahaiaren esku geratuko da sariak eman gabe uztea, baldin eta aurkeztutako lanek gutxieneko kalitaterik ez balute.
9-. Epaia jakinaraztea: Epaia aipatutako web-gunean argitaratuko da 2004ko maiatzaren 23a baino lehen.
10-. Idazlanen jabetza: Egileek emango dizkiete Santurtziko Udalari eta Santurtziko Udal Euskaltegia Erakunde Autonomiadunari egile-eskubideak, saritutako lanak egokitzat jotzen duten bideaz argitara ditzaten.
11-. Oinarrien onarpena: Parte hartzaileek lehiaketaren oinarri guztiak onartu beharko dituzte. Era berean, ezin izango da ekin epaimahaiaren erabakien aurka.
Erantzun
Sartu