Teknologia albisteak
1

Soziolinguistika Klusterraren eraketa eta aurkezpen ekitaldia

Erabiltzailearen aurpegia
SEI Kultur Elkartea - SEI Elkartea - Martin Ugalde Kultur Parkea
2004-03-29 : 18:03

Soziolinguistika Klusterraren aurkezpena , hilak 30ean, egingo da Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Ekitaldia 18:30ean izango da, eta bertan, eraketa juridikoa egitearekin batera egitasmoaren nondik norakoak azalduko zaizkie arloko eragileei.

Aurkezpena

Dagoenekoz badira hiru urte, soziolinguistikaren alorrean dauden hutsuneez jabeturik, «Soziolinguistika Institutu» baten proiektua bultzatzen hasi ginena. Bide horretan, lehen urratsa 2000ko azaroan Sinposium bat antolatzea izan zen, eta, ondorengoa, proiektu hau bultzatzen duten erakundeen artean Lankidetza-Protokolo bat sinatzea Institutuaren garapenerako Talde Sustatzaile gisa eratzeko.

Sustatzaileak proiektuaren definizio lanetan luze jardun ostean, «Soziolinguistika Klusterra» juridikoki eratu eta arloko eragile guztiei aurkezteko urratsa emango dugu datorren asteko ekitaldi honetan.

Soziolinguistika Klusterra, arlo zientifiko-teknikoan kokatzen da, eta bere helburu nagusia euskararen berreskurapen eta normalizaziorako soziolinguistika ezagutza garatzea izango da. Garapen horretarako azpiegitura funtzional, fisiko eta organizatibo eraginkor bat eskaini nahi du Klusterrak, arloko eragileen artean osagarritasun eta sinergia berriak bilatuko dituena, eta soziolinguistikan ikerketa, formazio, argitalpen eta abarretan ditugun beharrei erantzuteko proiektuak sortuko dituena: ikerketa lerroak eta aplikazioak, formazio egitasmoak, datu soziolinguistikoak, argitalpenak, metodologiarako hobekuntzak...

Orain artean sustatzaile lanetan honako erakundeok aritu gara: SEI Elkartea, UEUko Soziolinguistika saila, UPV-EHUko Soziologia-I eta II Sailak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza zientzietako Fakultatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkartea, ELHUYAR Aholkularitza, EMUN Kooperatiba, Eusko Ikaskuntza eta UPV-EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saila. Astearteko aurkezpenarekin, arloko enpresa, erakunde, elkarte eta gainerakoentzat zabalduko da Soziolinguistika Klusterreko kide izateko aukera, jarduerari berari hasiera emanaz.

Ekitaldian bertan informazio zehatzagoa banatuko dizuegu proiektuari buruz, eta, edozein kasutan, aurrez eska dezakezue SEI Elkarteko bulegoan (sei@sortu.org edota 943.59.25.56).

Ikusi Soziolinguistika Klusterrari buruzko txosten laburra, hemen klikatuta

Erantzunak

Editorea
2004-03-29 : 19:22

Gaur beharrean, bihar da ekitaldia, hilak 30ean. Sarrerako testua aldatu berri dugu.


Erantzun

Sartu