Teknologia albisteak

Goienkariak diseinu saria jasoko du gaur Vienan

Erabiltzailearen aurpegia
Leire Kortabarria - Viena
2004-03-29 : 12:03

European Newspaper Congress, Europako egunkari eta aldizkarien diseinua saritzen duen nazioarteko kongresua, gaur hasiko da Vienan, baina Goienkaritik joandako lankideok izan dugu dagoeneko han egongo denaren aurrerapen bat jasotzeko aukera. Horixe bidali dugu Vienatik Sustatuko irakurleondako.

"Daukaguna erakutsi nahi dugu, baina baita kanpoan egindakoaren berri jaso. Izan ere, Viena, askok ez dakiten arren, prentsa idatzi arloan munduko hiri lehiakorrenetariko bat da". Horietxek izan ziren Andreas Unterberger Kongresuko antolatzaileetariko baten aurkezpen hitzak. Atzo, domeka, Vienako afari tipiko batera gonbidatu gintuzten kongresuan parte hartuko dugunok, eta han, ongietorria eman eta kongresuan ikusi eta entzungo dugunaren berri eman ziguten.

Unterberger-en esanetan, Europako prentsa idatziak hainbat erronka ditu etorkizun laburrean, eta horiei aurre egiteko puntu indartsuak aurkitu behar ditu. "Interneten erabilera eta berehalakotasuna gure alde erabiltzen ikasi behar dugu egunkariok. Bestetik, etorkizuneko aldizkariek informazioa ez beste edukiak indartu behar dituzte: analisia eta iritzia oso indartsuak eta erakargarriak izango dira irakurlearentzat", esan zuen.

Gaurko programa

Gaur, astelehena, izango da kongresuko ekitaldi garrantzitsuena: Winners' Dinner delakoa (irabazleen afaria, ingelesez). Bertan, Thomas Klestil Austriako presidenteak hitzaldia egingo du, eta bost saridun nagusiek saria jasoko dute. Goio Arana Goienkaria-ko diseinatzailea da bat. Besteak, Corriere della Sera (Italia), Estatuko Heraldo de Aragon eta La Voz de Galicia, eta Irlandako Sunday Tribune. Hori gauean izango da; 13:00etan, kongresua hasiko da, eta Alemania, Italia, Britainia Handia eta Suediatik etorritako diseinatzaileek egingo dituzte solasaldiak.

Turismoa eta giro ona

Antolatzailearen hitzok izan ziren, ordea, kongresuarekin orain arte izan dugun harreman bakarra. Kongresua gaur hasten da, astelehena. Europako aldizkari onenetariko asko etorri dira. Asko Alemaniatik, baina baita Britainia Handitik, Irlandatik, Serbiatik, Suediatik... Estatutik ere ugari daude: La Voz de Galicia eta Heraldo de Aragon egunkariek sari nagusi bana jaso dute, GOIENKARIA-k bezala. Cordoba eta El Periodico de Catalunya-ko kazetari eta diseinatzaileak ere etorri dira, eta Goienako langileokin oso giro jatorra sortu da talde horretan.

Antolatzaileek Vienako afari tipikoa eskaini ziguten atzo, Austriako ardo bikainenak ere aurkeztuaz. Austriarrak hitz gutxikoak dira, baina, euren erara, badakite, bai, ondo pasatzen eta giro beroa sortzen. Bestalde, Viena hiri ikusgarria da, eta horretaz ere gozatzen ari gara Goienakook: bisitaldi turistiko gidatua izan genuen atzo, domeka, eta gure kabuz ere, hainbat leku interesgarri ikusi ditugu.

Erantzun

Sartu