Interneteko trafiko behatokiaren kontrol-zentroa jarriko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Izan ere, unibertsitate horretako Sareen, Sistemen eta Zerbitzu Telematikoen ikerketa taldeak Europako Evergrow proiektuan parte hartzen du. Proiektu horren helburu nagusia da Internetek 2025ean nola funtzionatuko duen ikustea.
Trafiko behatokia kudeatzeko kontrol zentroa irekiko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan. 120.000 euroko aurrekontua dute proiektu hori gauzatu ahal izateko.
ETOMIC (Evergrow Traffic Observatory Management Infraestructure) izeneko trafiko behatokia 50 nodoz osaturik dago. Europa osoan banaturik daude nodo horiek eta trafikoa sortzeko txarteldun ordenagailuak dira. Satelite bidez sinkronizaturik daude eta trafikoa bidaltzen diote elkarri, besteak beste, webguneen transferentzia atzerapenak edo abiadura neurtzeko. Era horretan, zerbitzuaren kalitatea azter daiteke saturazio egoerak saihestu ahal izateko.
Evergrow proiektuaren barnean sartzen da behatokia. Europa osoko, Israelgo eta Egiptoko hogei unibertsitate eta institutu baino gehiagok hartzen dute parte proiektuan. Horiekin batera, Ericsson, IBM, TeliaSonera eta France Telecom ere proiektuan daude.
Laster, jakintzarako sarbidea eskainiko du mundu osoan Internetek eta gizarte osoa sarean oinarrituta egongo da. Hori dela eta, etorkizuneko Interneteko garapenen eskakizunak oso handiak izango dira. Dagoeneko ikertzaileak hasi dira aztertzen konplexutasun horiek zer arazo sortuko dituzten.
Arazo horiei aurre egiteko, hiru sektoretako ikerketa-talde onenak bildu ditu Evergrow proiektuak: sistema konplexuen sektorea, mutur batetik besterako aplikazioena (gaur egungo Napster bezalakoak) eta sare esperimentalena.
Erantzun
Sartu