Teknologia albisteak

Lanera! Urola Kostako enpresak euskalduntzen

Erabiltzailearen aurpegia
Urola Kostako Udal Elkartea - Urola Kostako Udal Elkartea
2004-03-25 : 09:03

Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara Zerbitzuak, 2000. urtean sortu zenetik, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu euskararen normalizazioa lortzeko. Bide horretatik, otsailaren 10ean "Urola Kostako lan-munduan euskara sustatzeko plana" onartu zuen.

Plana diseinatzen Urola Kostako enpresetako, sindikatuetako eta lanbide heziketako ordezkariek hartuko dute parte, baita euskara-teknikariek ere, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzaz.

Planaren ezaugarri nagusiak honakoak dira:

  • Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresek parte hartu ahal izango dute, hau da, Udal Elkartea osatzen duten herrietako enpresek.
  • 6 urteko plangintza da: 2004-2009.
  • Urtez urte berrikusiko da.
  • Hitzarmen bidez garatuko da.

Hitzarmenak

Hitzarmenen bidez enpresek gutxieneko konpromiso batzuk hartuko dituzte beraien gain eta udalek, eginbehar horiek betetzen laguntzeko, baliabideak jarriko dituzte. Enpresa-motaren arabera hitzarmen-mota desberdinak egongo dira aukeran:

  • A hitzarmena: 10-50 langile artean duten produkzio- edo zerbitzu-enpresentzat. Honen barruan, Udal Elkarteak hainbat laguntza emango ditu: itzulpen-zerbitzua, diagnostiko eta planen egokitzapenerako aholkularitza, etab.
  • B hitzarmena: 50 langiletik gorako enpresentzat. Kasu honetan, Udal Elkarteak konpromisoak gauzatzeko aholkularitza eta diru-laguntza emango ditu.

Urola Kostako 10 enpresarekin hitzarmenak sinatzea aurreikusten du Planak 2004. urterako. Horretarako, lan-munduko eragile guztion laguntza beharko dugu.

Urola Kostako udaletako eta Elhuyar Aholkularitzako ordezkariek bisitak egingo dituzte enpresetara, apirilaren erdialdetik ekaina bitartean.

Plan honen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, jo ezazue Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara Zerbitzura.

Erantzun

Sartu