Seigarren aldiz, Zenbat Gara Elkarteak VI. Bilboezsena antzerkialdia antolatu du Bilboko Kafe Antzokian. Antzerkiaren hilabetea izaki, ekitaldi ezberdinak izango dira ikusgai aste honetan.
Batetik martxoaren 23an Gilkitxaro antzerki taldeak "Elevator" obra aurkeztuko du. "Hiri handiko igogailu publikoan gaude. Estresatua bizi den emakumea eta bere trikuaren bila dabilen mutil gaztea gorako bidean daudela, bidaia gelditu egingo da eta ez dute irteteko aukerarik izango. Bertan lan egiten duen igogailuzainak mundu berrietarako bidaiak proposatuko dizkie. "Elevator", gora eta behera garraiatzen gaituen tresna, aparailua... Zergatik esaten diogu horrenbeste aldiz ezetz gora zein behera joateri? Erantzuna norberaren igogailuan dago, goian, behean eta batez ere kanpoan". Lan honek Cafe Bilbao teatro laburreko I. Saria lortu zuen Galder Perezek 2002an "Eztenbako Trikuak" izenarekin. 2003ko martxoan estreinatu zuen lana taldeak, Gilkitxaroren bosgarren obra. Gilkitxarok lehenengoz taula gainean aktore talde txikia jarri du, hiru baino ez. Lanaren lehenengo urte honetan 20 emanaldi eskaini ditu dagoeneko Euskal Herri osoan zehar.
Martxoaren 24ean Hortzuma antzerki taldea izango dugu taula gainean "Globazilazioa" lana aurkeztuz. Hirugarren mundua eta bakea erakundearekin bat buruturiko lana dugu berau. Ekoizpen honen asmoa inguratzen gaituen errealitatearen alboko erreflexio bat plazaratzea da, dagozkion alde on eta txarrekin, noski, eta kontutan edukiz globalizazioa bere kabuz ez dela fenomeno ez kaltegarri ez onuragarri bat; arazoa erabileran datza. Honegaitik baliatu dira umoreaz eta parodiaz hainbat gai ukitzeko: inmigrazioa, kontsumismoa, komunikabideak... Hiru aktorek planetaren inguruko ikuspuntu berriak jartzen dituzte taula gainean eta gaurkotasun mundialaren salaketa ero bat egiten dute. Guzti hau globoz hornitua eta nola ez... eskenaratze ikusgarri batekin. Orotara esanda, algaratik hausnarketara garamatzan ikuskizuna.
Martxoaren 28an, igandearekin, bi ekitaldi izango dira, batetik arratsaldeko 17:30etan eta haurrei zuzendurik txontxongilo taldea arituko da "Itsasminez" lana aurkezten. Euskal mitologian oinarritutako ipuin honetan itsasoko zenbait pertsonairekin hainbat abentura bizitzeko aukera izango dute haurrek.
Egun berberean baina arratsaldeko 20:30ean Gaitzerdi antzerki taldeak "Gabriel Gabrielle" lana taularatuko du. Lan hau "Kafe Bilbao teatro laburreko II. sariaren" irabazlea dugu. Gabriel-Gabrielle zalantzez beteriko pertsonaia da. Pailaso fantastiko eta xelebrea da, baina hala ere, oinarrizko zer edo zer du faltan: Zirkoa. Gauzak horrela, general izatearena saiatuko da mundua konkistatzeko guran. Eskuan egurrezko ezpata eta bere harrizko zaldiaren gainean ibiliko da mundua belaunikatzeko prest... baina ezin. Berak antolatzen duen gezurrezko zirkoan den-denek gozatzen dute, baina kasaka janzten duenean, bere herriak, bere zaldiak, bere ezpatak eta denek uzten dute. Hasierako puntura itzultzen da, eta hasierako puntu hori gauza guztien hastapena da.
Egunak eta ordutegia:
Beraz, egitaraua oparoa izango da.
Erantzun
Sartu