Microsoft eta beste konpainia batzuek "zigilu" informatikoak ezartzea proposatu dute spamari aurre egiteko. Bill Gates-en proposamenaren arabera, internautok ordaindu egin beharko genuke e-posta bat bidaltzeagatik.
Zigilu informatiko horrek e-posta bakoitzari prezio bat jarriko lioke, korreo normalez bidaltzen dugun eskutitz bakoitzari bezala. Bill Gates-en esanetan, "hori da spamari aurre egiteko erarik onena".
Microsoftek "Penny Black" izena jarri dio bere proiektu berriari. Izen hori bera zuen XIX mendean Bretainia Handian ezarri zuten zigiluak; jasotzaileari kobratu beharrean, bidaltzaileari kobratzen hasi ziren.
Baina, diruz ordaindu beharrean, proiektuak proposatzen du eragiketa matematiko bat ebazten ematen den denbora hori kobratzea; zenbat eta denbora gehiago eman eragiketa ebazten, e-postaren kostua garestiagoa izango da.
Microsoftek dio internautentzako galera oso txikia izango litzatekeela, baina zaborra bidaltzen dutenentzako nahaste handia izango litzatekeela. Izan ere, spam bidaltzaileek eragiketa horiek ebazteko ekipo informatiko bereziak erabili beharko lituzkete.
Beste proiektu batzuk ere ideia horretatik abiatzen dira; CAM-RAM proiektua adibidez. Massachusetts-eko ikertzaile batek egin du hori.
Bestalde, Goodmail Systems konpainiak ere spama geldiarazteko metodo bat planteatu zien Yahoo-ri eta beste posta hornitzaile batzuei. Metodo horrek ere e-posta bakoitzeko diru kopuru bat ordaintzea proposatzen du, baina internauta partikularrentzako eta irabazi asmorik gabeko konpainiei e-posta batzuk dohainik bidaltzeko aukera eskainiz.
Asko dira erantzunik ez duten galderak: nork jasoko luke diru hori? Nork eramango lituzke kontuak? Nola behartu enpresak diru hori ordaintzera?
Aditu asko agertu dira ideia honen aurka, baina Gates-ek berean jarraitzen du eta adierazi duenez, pare bat urte barru spamaren arazoa konponduta egongo da.
Microsoft-ek America Online, Earthlink eta Yahoo-rekin bat egin du spamaren aurkako estrategia bat bilatu eta garatzeko. Dirudienez, e-postak kobratzeak du konpainia handien oniritzirik handiena.
Erantzun
Sartu