Matxinadak izan du eraginik: PP, out
Askotxo izango litzateke esatea sakelako telefonoak eta Internet erabakigarriak izan direla PP Espainiako Gobernutik kentzeko, besteak beste, izan direlako beste hedabide batzuk ere kanporatu dituztenak zalantzak Aznarren gobernuaren jokabideaz, batez ere Madrilgo atentatuaren egiletza nori leporatzeko orduan.
Matxinada, SMS eta Internet bidez
Edozelan ere, sakelako telefonoek eta Internetek egiteko handia izan zuten larunbat iluntzeko matxinadan, batez ere segapotoek. Bezperan argi geratu zen estatu espainiarrean zehar manifestazio erraldoiak egin zirenean, gero eta jende gehiago konturatuta zegoela, eta haserre, Espainiako gobernua ezkutatzen ari zela egia, botoak irabazte aldera.
Eta larunbatean, hasi zen errebolta elektronikoa. 14:00ak inguruan, zenbait gizarte mugimendu Flash Mob bat eratzen hasi ziren, bat-bateko mobilizazio bat, protesta egiteko PPren jokabide maltzurraren kontra. Sakelako telefonoak eta agerkari digitalak jo eta ke lanean hasi ziren, tartean zenbait blog ere, Minid.Net bezala, non ikus daitekeen nolako abiada hartu zuen matxinadak. Zenbaitek, kale agerraldietara joan, argazkiak atera eta sarean jarri zituzten, Julianek bezala.
Barrapunto blogaren iritziz, larunbatekoa izan daiteke SMS bidez (sakelako telefonoen mezuak erabilita) antolatutako lehen manifestazioa. SER irratiko kazetari batek, esate baterako, esan zuen berak hogei bat mezu jaso zituela eskuko telefonoan, lagunek bidalita, joan zedin Genova kalera, PPren egoitzaren aurrera.
Matxinadaren lehen txinpartak Madrilen piztu ziren, baina azkar demonio hedatu ziren estatu espainiarrean barrena: Bartzelona, Valentzia, Santiago de Compostela, Coruña, Sevilla, Palma de Mallorca, Zaragoza Euskal Herrian, berriz, Iruñera baino ez zen iritsi bat-bateko mobilizazioa eta eltze-zalaparta.
Hedatzeaz batera, agerkari digiitalek jasotzen zuten zer gertatzen ari zen, hala nola Caspa.tv izeneko blogak, edo Escolar.net izenekoak, non manifestaziorako deia egiten zen, zapuzteko PPren estatu kolpe informatiboa.
Euskal Herrian, Sustatuk eman zuen matxinadaren berri, baina baita Donosti.org blogak ere, honek gaztelaniaz.
Gorka Limotxo izeneko blogak mobilizazioen bideoak ipini zituen ikusgai. Amorrua zerion Gorkari, eta hori garbi erakusten du Goebbels espainiarra aipatzen duenean
Iñigo Sáenz de Ugarte Telecincoko kazetariak ere egin zuen mobilizazioen jarraipena bere weblogean.
Sakelako telefonoek lehendabizi, eta agerkari digitalek gero, uztarturik gau hartan Espainiako irrati zenbaitek eta telebista banaka batzuek egin zuten lanarekin (Euskal Herrian irratiek eta telebistek futbola izan zuten ardura ia bakar), sutautsa bezala zabaldu ziren matxinada eta honen oihartzuna. Hortik aurrera, PPren zoria porrotari lotu zitzaion.
Lapikoa, bor-bor
Gertatutakoa hobeto ulertzeko, ordea, kontuan hartu behar dira lehendik zetozen zenbait kontu, bat ere kostu politikorik eragin ez ziotenak PPri, baina jende askoren oroimenean iltzatuta geratu zirenak:
- Prestige. Jende asko joan zen, handik eta hemendik, Galiziara hondartzak garbitzera, eta jende hau eta joan ez ziren beste mordo bat harri eta zur geratu zen, ikusirik udal hauteskundeetan PPk ez zuela zigorrik jaso haren kausaz.
- Irakeko gerra. Aznarrek Irakeko gerran sartu zuen Espainia, nahiz eta espainiar gehienak gerraren kontra agertu. Honek ere ez zion zirkinik egin udal hauteskundeetan.
- Euskadi eta Katalunia. Izan dira beste auzi batzuk, espainiarren artean hainbeste eraginik izan ez dutenak, bai ostera Euskal Herrian eta Katalunian. Adibidez, Euskaldunon Egunkaria ixtea, Ibarretxe nola tratatu duten, Batasuna legez kanpo uztea, eta Generalitat berria desegiteko egin dituzten ahaleginak.
Gezurraren buztan luzea
Baina edalontzia gainditu duen tanta Madrilgo atentatuak ekarri du. Jakinda ere islamistek eraginda izan zitekeela, hasiera-hasieratik eratu zuten kanpaina oso bat, esateko ETA izan zela egilea. Argi zegoen bigarren proposamen horrekin PPk irabazteko guztiak zituela. Ez, ordea, lehenengoarekin, hipotesi horrek zuzen-zuzenean ginderamatzan-eta Irakeko gerrara.
Poliki-poliki, baina, gezurra pitzatzen joan zen:
- Ostegun goizean Arnaldo Otegi hasi zen esaten ETA ez zela izan.
- Ostegun eguerdian poliziak furgoneta bat aurkitu zen Alcala de Henaresen, eta han agertu ziren zazpi detonatailu eta Koranaren bertso batzuk.
- Ostegun iluntzean Al Qaedak bere gain hartu zuen atentatua.
- Ostiral arratsaldean, ETAk ukatu egin zuen erantzukizunik sarraskian.
- Larunbat arratsaldean, Polizia Nazionalak bost pertsona atxilotu zituen: hiru marokoar eta bi indiar.
- Larunbat arratsaldean ETAk bigarren mezu bat bidali zuen, eta hor ere ukatu egin zuen zerikusia zuenik atentatuan.
- Launbat arratsaldean Al Qaedak bideo bat helarazi zion Espainiako poliziari, non bigarren aldiz bere gain hartu zuen atentatuaren egiletza.
Denbora honetan guztian, PPren gobernuak helburu bakarra izan zuen: susmo guztiak ETArengan bildu, eta saihestu, kosta ahala kosta, hipotesi islamiarra. Baina matxinadaren hazia ereinda zegoen eta. bistan da, eman du fruiturik.
Erantzunak kargatzen...