Al Qaedak berriz hartu du bere gain atentatua
Al Qaedaren bideoa
Al Qaedaren bideoak honela dio, El Mundo egunkariak emandako bertsiotik hartuta: Aitortzen dugu geure erantzukizuna Madrilen gertatutakoaren gainean, justu bi urte eta erdi bete direnean New York eta Washingtongo atentatuetatik. Hau erantzun bat da zuek Bushi eta bere aliatu hiltzaileei emandako laguntzari.
Erantzun bat da zuek munduan, eta bereziki Iraken eta Afganistanen, egin dituzuen hilketei, eta gehiago etorriko dira, Jainkoak nahi badu.
Zuek bizia nahi duzue, eta guk heriotza, Mahomak horrela adierazi zuen, ez badituzue zeuen bidegabekeriak geldiarazten, gero eta odol gehiago isuriko da, eta atentatu hauek gauza gutxi izango dira zuek terrorismo deitzen duzuenarekin gerta daitekeenaren aldean.
Hau da abisu bat, Al Qaedak Europan duen bozeramaile militarrarena. Abu Dujan Al Afgani.
Angel Acebesek esan zuenez, bideoa paper ontzi batean aurkitu zuen poliziak, Madrilgo meskitaren ondoan, Telemadridek telefono dei bat jaso ondoren. Abu Dujan Al Afgani delakoa arabiarren jantzi tipikoez jantzita agertzen omen da bideoan. Antza denez, honen nortasuna oraindik ezin izan dute egiaztatu.
ETAren bigarren ukoa
ETAk, berriz, mezu bat helarazi zuen Gara egunkarira, eta hor bigarren aldiz ukatzen du ezelango esku hartzerik izan zuenik Madrilgo sarraskian.
Mezu horretan ETAk uste du Madrilgo atentatuak zerikusi estua duela Aznarrek Irakeko gerran Bushi emandako laguntzarekin, eta salatu egiten du PPk egin duen manipulazioa, atentatuaren egiletza behin eta berriz ETAri leporatzeko, jakinda ere ez zuela egin. Halaber, gogor kritikatzen ditu Ibarretxek, EAJk, EAk eta Aralarrek izandako erreakzioak.
Erantzunak kargatzen...