Hasi da matxinada PPren kontra
Partidu Popularrak eta Espainiako Gobernuak ez zuten horrelakorik espero. Arratsaldeko 19:00etan, 5.000 bat lagun bildu dira Génova kalean, Madrilen, PPren egoitzan, eta eskatu dute egia jakitea, nork egin dituen Madrilgo atentatuak. Manifestaziorako deialdia egin da sakelako telefono bidez kazetari batek esan du irrati batean berak hogei bat mezu jaso dituela eskuko telefonoan, lagunek-eta bidalita, eta Internet erabiliz.
Bi ordu eta erdi igaro dira kale agerraldia hasi denetik, baina jendeak han segitzen du. Haserrea, ordea, zabaldu egin da Estatu espainiarraren beste hiriburuetara, eta dagoeneko ez dago jakiterik zer gerta daitekeen gaur gauean, bozketa egunaren bezperan.
Espainiako irratiak jo eta ke ari dira zuzenean ematen manifestazioen berri. Atzerriko zenbait telebista ere, CNN eta Fox kasu, zuzenean ematen ari dira matxinadaren berri. Hona hemen azken orduko kontakizuna.
Madrilen
Madrilen jendeak protesta egiten segitzen du Genova kalean, PPren egoitzaren aurrean. Mariano Raxoi haserre agertu da, eta esan du manifestazio hori legez kanpokoa dela. Eta berau salatu du Hauteskunde Batzordearen aurrean. Hau bilera egiten ari da, PPren salaketa aztertzeko. Jendeak, berriz, erantzun dio Raxoiri: Ez goaz inora, hildakoek deitu digute!
Quevedoren bidegurutzean, berriz, Madrilen bertan, zenbait jende eltze-zalaparta bat hasi da egiten, beste batzuk autoen adarrak jotzen, eta gero eta jende gehiago ari da irteten balkoietara, zalapartan parte hartzera. Horrela entzun dugu irratian. Hiltzaileak, hiltzaileak! oihu egin du jende askok.
Bartzelonan
Hamarrak eta laurden zirenean 1.000 bat lagun zeuden PPren egoitzaren aurrean, eta jende gehiago iristen ari zen. Manifestazioa liskarrik gabe egiten ari zen.
Zaragozan
Hemen ere 1.000 bat pertsona bildu dira Espainia Plazan, denak bakean. Oihu hauek entzun dira: Botoa eman aurretik, egia jakin nahi dugu, eta Irakeko bonbak Madrilen lehertu dira.
Santiago de Compostelan
Han ere PPren egoitzaren aurrean bildu da jendea, pare bat orduz. Dagoeneko hasi dira etxera bidean. Gauerdirako, ordea, eltze-zalaparta bat iragarri dute.
Valentzian
Laurehun bat lagun bildu dira udaletxeko plazan.
Erantzunak kargatzen...