Sustatu logoa Teknologia albisteak

Nork egin zuen atentatua?

Sustatu
2004-03-13 09:03

Robert Plummer BBC agerkari digitaleko kazetariak hiru hipotesi jaso ditu gaur, jakiteko nor dagoen Madrilgo atentatuaren atzean.

ETA izan da

Kazetariak zenbait arrazoi jaso ditu, adierazten dutenak ETA izan dela atentatuaren egilea:

  1. ETAk aurretik erabilia zuen Madrilen erabilitako leherkari mota.
  2. Erasoak ez ziren izan eraso-suizidak, ezpada erabili zen urrutiko kontrola detonadoreak zartarazteko, ETAk egin ohi duen estiloan.
  3. ETA saiatu da lehendik ere lehertarazten Madrilera iristen ziren trenak. Azken Gabon egunean bi ETAkide atxilotu zituzten hartara omen zihoazela.
  4. Atentatua gertatu da Espainian bozketa eguna izan baino hiru egun lehenago. Urte askoan, ETAk behin baino gehiagotan antolatu ditu kanpainak hauteskunde garaian.

Arrazoi hauek eman ondoren, kazetariak hainbat jende aipatzen du, adituak. Batzuk ados daude goiko hipotesiarekin; beste batzuek, ordea, ez diote ikusten ETAri indar nahikorik horrelako eraso bat antolatzeko.

Al Qaeda izan da

Oraindik jende gutxik sinesten du Al Qaedaren aldarrikapena, dio kazetariak. Baina bada motibo bat baino gehiago uste izateko erakunde islamikoa dela atentatuaren egilea:

  1. Al Qaedaren ezaugarri bat da aldi berean hainbat helburu batera aukeratu izana.
  2. Al Qaedak mendekua iragarri zion Espainiako gobernuari, honek AEBetako gobernuari lagundu ziolako Irak inbaditzen.
  3. Sarraskiaren neurriak erabat gainditzen du ETAk sekula egindakoa, eta gehiago dirudi Al Qaedaren operazio handi horietako bat.
  4. Espainiako poliziak furgoneta bat antzeman zuen Alcalá de Henaresen, non aurkitu zituen zazpi detonadore eta zinta bat, bertso islamiarrak zituena.
  5. Talde batek, Abu Hafs al-Masri Brigadak izenekoak, bere gain hartu zuen atentatua, Al Qaedaren izenean. Hala ere, jende askok ez du aintzat hartu erreibindikazio hau.

ETA eta Al Qaeda izan dira

Bada hirugarren hipotesi bat. Kazetariak Frank Gardner aipatzen du, BBCko sekuritate aditua. Honen ustez, Madrilgo atentatua izan liteke ETAtik joandako talde batek eta Al Qaedako jarraitzaile zenbaiten elkarlana.

“Ez ohikoa izango litzateke —idatzi du Plummerrek—, zeren eta Al Qaeda ez baita eroso sentitzen elkarlanean musulmanak ez direnekin, baina izan liteke bi talde eszindituk erabaki izana indarrak batzea eraso izugarri hau egiteko”.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu