Al Qaedak bere gain hartu omen du Madrilgo atentatua
Iluntzeko 21:20an SER Irratiak esan du Reuters agentziak aipatu duela nola Londresko kazeta arabiar batek jaso duen Al Qaeda erakundearen gutun bat, eta gutun horretan erakundeak bere gain hartu duen gaur goizean Madrilen egindako atentatua.
Reuters agentziak dioenez, Londresko kazetak jaso du gutun bat, Al Qaedak sinatuta, eta hor deitzen dio gaur goizeko atentatuari Heriotza Trenen Operazioa. Gutunak omen dio Lortu dugu infiltratzea Europako gurutzatuaren bihotza, eta eraso egin diogu gurutzatuen aliantzaren basetariko bati.
Gutuna faxez iritsi bide da Reutersek Dubain duen bulegora, Londresko Al-Quds al-Arabi kazetak bidalita. Reuters agentziak, baina, ezin izan du gutuna egiaztatu. Hau Abu Hafs al-Masri Brigadak sinatuta omen zetorren. Brigada hauek beren gain hartu zituzten, Al Qaedaren izenean, iragan azaroan Turkiako bi sinagogatan egin zituzten bi leherketa, eta abuztuan Bagdaden Nazio Batuen egoitza nagusiaren bonbardaketa.
Espainiako Barne Ministeritzak, bestalde, esan du aurkitu dutela furgoneta bat, eta honen barruan detonagailuak zeudela eta hainbat zinta, non grabaturik omen zeuden Koraneko bertsoak.
Azken zenbaketaren arabera, bestalde, 192 pertsona hil dira gaur goizeko atentatuan, eta 1.427tik gora zauritu.
Erantzunak kargatzen...