Sustatu logoa Teknologia albisteak

ENA Elkarteak 2. agiria sortu du: Euskal Sendi Agiria

ENA Elkarteak, sei urte bete ondoren, euskal nortasuna sustatzeko egindako lana, emankorra bezain zabala izan da:

  • Euskal Nortasun agiriak egin dira, 32.000, hain zuzen.
  • ENA agiria 800.000 aldiz erabili da, mota guztietako erakundetan.
  • Bost liburu argitaratu dira, euskal nortasunaren inguruan: "Euskal Nortasunaren Kontzientzia", "Euskal izendegia", "Identifikazio Moduak Mundu Zabalean", "Eskualde Bereziak eta Eraikuntza Nazionala" eta "ENA: 6 Urtetako Kronika eta Erabiltzeko Gida".
  • Lau ENA EGUNA egin dira: Lehenengoa Bermeon ospatu zen "Euskal Herritartasuna" gaiarekin, II.a Etxalarren "Herritartasun Bikoitza", III.a Alontsotegin "Paperik gabekoak eta Herritartasuna" eta IV. Arruazun pasa den urrian: "Herritartasuna eta Europa".
  • “Euskal nortasuna”ren gaia asko zabaltzen eta sakontzen lagundu dugu egindako lanei eta argitalpenei esker. Orain dela 6 urte ia inork ez zuen aipatzen gai hau eta, gaur egun, hemengo alderdi gehienek eta zenbait erakundek euren diskurtso eta programetan jasotzen dute.
  • “Nortasuna eta identifikazio agiriak Euskal Herrian” izeneko erakusketa ere prestatu du Elkarteak. Honetan, azken 120 urte hauetan gure herrian erabili izan diren agiriak ikus daitezke eta, horrekin batera, ENA elkarteareN historia eta lorpenak.

· Hamasei udalerrietan ofiziala: 16 udalek agiri ofizial gisa aitortuta dute ENA. Udal hauek Euskal Herriko biztanleriaren %2 biltzen dute, hau da, 55.000 lagun inguruk ENA erabil dezakete modu ofizialez euren udalerrietan.

· Elkarteen laguntza: 9 elkartek, gehienak euskara alorrekoak, laguntzen dute agiria zabaltzen.

EUSKAL SENDI AGIRIA

Orain arte, erabili izan ditugun sendi agiriek ez digute euskal nortasuna adierazten uzten, gugandik oso urrun dauden bi estatuek egindakoak direlako. Horregatik, Euskal Herrian gauden 934.000 familia euskal sendi gisa agertzeko ezinbesteko tresna sortu dugu: Euskal Sendi Agiria. Bere garaian, ENA egin genuenean sortarazi genuen ALDAKETA antzeko bat gertatuko delakoan gaude honako honekin ere.

Familia liburuak honako hauetarako erabili ohi dira:

  • Eskola edo ikastoletako matrikulak egiteko.
  • Kiroldegietako txartela egiteko.
  • Estatuko mugak igarotzeko.
  • Errenta aitorpena egiteko.
  • Seme-alabek 18 urte bete arte identifikatzeko.
  • Enpresetan errenta aitorpena egitean eransteko.
  • Seme-alaben ikasketengatiko bekak bideratzeko.
  • Gizarte Segurantzako kartilan seme-alabak apuntatzeko...

Aurrekoez funtzioetatik kanpo, Sendi Agiriak gure familia erakusteko balio izango du eta gure funtsezko datu batzuk euskaraz emateko.

Sendi Agiria egin nahi baduzu, 944 234 631 telefono deitu eta informazio eta eskaera agiria bidaliko dizkizugu. ENA bultzatzen duten udaletxe eta elkarteetan eta egoitza nagusian ere tramita daiteke: Erripa, 6 – Bilbo - 48001 (enalekartea@euskalnet.net).

Espainiako eta Frantziako Famili Liburuen zenbait zehaztapen:

Hegoaldean estatuak daukan famili liburuan, 1990 urtetik aurrera edo, inprimatutako testuak euskaraz ere egon arren, zenbait informazio erdara hutsean dago, eta eskuz betzen diren datuak, ia beti, erdaraz betetzen dituzte funtzionariek. Zigiluak ere, erdara hutsean daude.

Baina larriena hauxe da: bai gu bai gure seme-alaben datuak Erregistro Zibiletako liburuetan erdaraz baino ez dituzte erregistratzen, eta liburuok ere, oraindik orain, erdara hutsean daude eta langile gehienak erdaldunak dira.

Liburu horiek legea bete dezaten, hau da euskaraz ere egon daitezen, behin eta berriz eskatu izan dute ENA elkartekide batzuek, baina ez da ezer lortu. Delako liburu hori “erdi sakratutzat” daukate Hegoaldeko Erregistroetan behintzat, aparteko inolako aipamen idatzirik ezin baita bertan egin, arduradunaren baimenik gabe.

Gainera, gurasoek behartzen gaituzte erdarazko Erregistro Liburu hori sinatzen. Honen aurrean, guraso batzuek uko egin diote erregistratzeari, erdarazko liburu bat ez sinatzearren. Ondorioz, Erregistro Zibilak berak erregistratzen ditu, nahiz eta ez izan gurasoen izenpea.

Iparraldean estatu frantsesaren konstituzioak ez du hizkuntza frantsesaz kanpoko beste hizkuntza bat ere errekonozitzen eta ez du aukerarik ematen euskaraz egiteko.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu