Teknologia albisteak
2

LINGUANET lan munduko hizkuntza plangintza ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia
Amaia Lasagbaster - Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa
2004-03-08 : 10:03

Euskararen erabilera bultzatzeko egitasmoak ugalduz doaz azken urteotan eta euskara erabiltzen den esparruak zabalduz joan daitezen egun gero eta gehiago dira, euskara planetan murgildu diren enpresak. Planen kopurua handitzeak ekarri du, besteak beste, erabiltzen den metodologia sendotzen, hornitzen eta erabiltzaile berriengana zabaltzen joatea.

Ikastaroa, bereziki esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera normalizatzeko lanetan diharduten profesionalei zuzenduriko formazio-egitasmoa da.

Nori zuzenduta

LINGUANET ikastaro berezituaren hartzaile nagusi dira:

  • Esparru sozioekonomikoko erakundeetan zein enpresetan diharduten teknikariak zein koordinatzaileak.
  • Esparru horretan aritzeko prestakuntza berezia behar duten pertsonak.
  • HIZNET ikastaroa egina dutenak.
  • Edota erakunde publikoetatik esparru horretan euskararen presentzia areagotzeko lanetan dihardutenak.

Enpresetako langileei dagokionez, euskara plangintzaren munduan hasi berriak diren teknikarientzat, enpresetako euskara batzordekoentzat, koordinatzaileentzat oinarrizko eta hasierako formazio gisa ikastaro egokia dela deritzogu.

Oinarrizko gaiak ezagutzeko aukera ematen du. Bide batez, ikastaro hau HIZNET ikastarorako sarbide edo osagarri gisa ere uler daiteke.

Hizkuntza plangintza

Ikastaro honetan parte hartuko dutenei hizkuntza plangintzaren inguruko oinarrizko ezagutza teoriko bat eman nahi diegu, beraien lanean behar-beharrezkoa izango dutena.

Bestalde, esperientzia praktikoa ere eskaini nahi diegu. Horregatik, ikastaroaren bukaeran izaera praktikodun bi tailer izango dira, ikasleek duten esperientzia elkartrukatzeko eta proiektu praktiko edota aplikatu bat aurrera eramateko.

Metodologia

Ikastaroa 50 ordutakoa izango da eta 6 ikasgai eskainiko dira, denak derrigorrezkoak:

  1. Euskara planen ikuspegi orokorra.
  2. Disenua.
  3. Inplementazioa I.
  4. Inplementazioa I.I.
  5. Jarraipena.
  6. Euskara planak enpresa txiki eta ertainetan.

Internet bidezko ikasgai teorikoetan 40 ordu gauzatu beharko dira, eta 10 ordu, 2 larunbatetan burutuko diren aurrez aurreko tailer praktikoetan.

Matrikulazio epea martxoaren 26an amaitzen da.

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako ikastaroa da. Laguntzaileak: EMUN lana euskalduntzeko kooperatiba, Elhuyar Aholkularitza eta ARTEZ euskara zerbitzua.

Erantzunak

Karmele
2004-03-08 : 10:32

Nola egin dezaket matrikula? Nora jo behar dut?

Amaia Lasagbaster
2004-03-08 : 10:44

LINGUANET ikastaroaren matrikulazio epea martxoaren 26a arte zabalik dago.



Eskaera honako helbidean egin behar duzu:

hiznet@infonegocio.com

945233420



Erantzun

Sartu