Europako telefono konpainiak "Push to Talk" (PTT) poltsikoko telefonoak probatzen hasi dira dagoeneko. Sistema horren bidez, telefono zenbakia markatu gabe komunikatu zaitezke lagunarekin, eta dei arrunt bat egitea baino merkeagoa da.
Cannes-en egin duten mundu mailako 3GSM kongresuan PTT sistema duten poltsikoko telefonoak aurkeztu dituzte hainbat fabrikatzailek (Motorola, Nokia, Siemens, Nortel...). Fabrikatzaile horien arabera, dagoeneko hasi dira Europako 70 bat operadore zerbitzu hori probatzen eta teknologia berri hori merkaturatzeko estrategia egiten.
Teknologia horrek Walkie-Talkie moduan funtzionatuko luke, beti ere PTT-a duen beste poltsikoko telefono batekin. SMS mezuak bidaltzea moduko zerbait izango litzateke, baina ahozko mezuekin. Zenbat aldiz gertatu zaizue poltsikoko telefonoan mezu bat idazten hasi eta ezin? Izan ere, geroz eta botoi txikiagoak egiten dituzte eta ez da erraza botoi bat bakarra zapaltzea. PTT teknologiaren bidez, nahi duzun hartzailea aukeratu, botoia sakatu eta hitz egin, beste lanik ez duzu.
Nola erabiltzen da?
Estatu Batuetan hasi ziren PTT teknologia erabiltzen eta arrakasta handia izan du. Izan ere, SMS famatuak ordezkatu ditu. Dagoeneko, 13 milioi estatubatuarrek erabiltzen dute "walkie-telefonoa".
Poltsikoko telefonotik deiak egitea baino merkeagoa da PTT erabiltzea, baina ez da doanekoa. Europako operadoreek uste dute irabaziak gutxituko zaizkiela SMSen erabilpena ordezkatzen badu teknologia berriak. Baina, litekeena da PTT mezuen prezioa euro baten ingurukoa izatea.
Erantzun
Sartu