Sustatu logoa Teknologia albisteak

Goio Arana, euskal diseinatzaile bikaina

Joxe Aranzabal
2004-03-04 10:03

Goio Arana izango da, seguruenik, euskarazko prentsak eman duen diseinatzailerik sarituena nazioartean. 1988an hasi zen Arrasate Press herri aldizkarian, Macintosh Plus batekin maketatzen, eta gaur egun Arte zuzendaria da Goiena Komunikazio Zerbitzuak elkartean.

Bereak dira Arrasate Press aldizkariaren diseinu eta birdiseinurik garrantzitsuenak, eta bereak dira, halaber, Goienkaria eta Asteleheneko Goienkaria kazeten diseinua. Baita Asteon telebista aldizkariarena ere, gaur, hain zuzen, Bilbon aurkeztuko dena.

Sariak nazioartean

  • 1997. SND erakundearen Design aldizkariak The Best Small Paper aukeratu zuen Arrasate Press, alegia, Egunkari Txikirik Onena.
  • 2002. Urte hartan Goienkariak aipamen berezia jaso zuen Europako Egunkarien Elkarteak emanda, Goienka2a izeneko koadernilloan egindako hiru lanengatik.
  • 2003. Iaz Europako Egunkarien Elkarteak argitalpen onenaren saria eman zion Goienkariari, tokian tokiko argitalpenen artean. Klik egiten baduzue aurreko estekan, hautatu Goienkaria ezkerrean, eta epaimahaiaren iritzia ikusiko duzue, astekariaren hainbat orrirekin batera.

Goio Aranaren lanak

Goio Aranak hainbat tokitan ditu bere lanak erakusgai, Interneten beti ere. SNDE erakundean, adibidez, klik eginez gero, egin behera apur bat, aukeratu Goienkaria, eta hortxe duzue Goio eta bere historia.

SND erakundean, ostera, ikus dezakezue bere lanik adierazgarrienetariko zenbait, ederrak denak ere. Lan hauek aipatu zituzten goi bilerako antolatzaileek lehen afari hartan.

Martxoaren 30ean, Vienan hitz egingo du

Bazekiten, halaber, Goio nonbaiten hitz egitekoa zela. Eta hor ere zuzen zebiltzan. Izan ere, hil honen 28tik 30era, Goio Arana Vienan izango da iazko saria jaso, eta, horrekin batera, hitzaldi bat emateko —Nola Bistaratu Tokian Tokiko Gaiak— Europako Egunkarien Kongresuan.

Hemendik aurrera, leku askotatik deituko diote Goiori, hitzaldiak eta ikastaroak ematera. Ez da harritzekoa.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu