Teknologia albisteak
1

10 GB plastiko pusketa batean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-03-08 : 09:03

Ez DVD-a ezta memoria txartela ere; etorkizuneko memoria eramangarriak Info-MICA izena du, NTT multinazional japoniarraren arabera. Posta zigilu baten neurriko plastiko zati bat da formatu berria eta 10 GB-eko edukiera du. Baina, ez da birgrabagarria.

Japoniako NTT multinazionalak memoria eramangarri berri bat merkaturatu nahi du 2005ean, Info-MICA izenekoa. Plastikozko euskarria da eta informazioa holografikoki gordetzen du, laser diodo igorpen bitartez.

SD Card memoria txartelen tamainakoa da formatu berria (88 x 37 x 22 mm), baina 1 GB-eko edukiera izan beharrean, 10 GB-ekoa du, eta etorkizunean kopuru hori gainditzeko asmoa dute. Hala, ikusentzuteko edukia gordetzeko formatua izan nahiko luke.

Konpainiaren webgunean diotenez, formatu berri horrek DVD-a ordezkatuko du. Memoria edukiera handia izateaz gain, euskarri berriak energia kontsumo txikia du. Produkzio kostua ere txikia da, NTTren arabera. Horrek, bere prezioan ere izango du eragina; konpainiaren arabera, 2 euro inguruko kostua izango du. Horrez gain, ezinezkoa izango da euskarri horretako informazioa kopiatzea, hala, edukia babestea bermatzen du.

Ez da birgrabagarria, oraingoz

Formatu berria, baina, ez da birgrabagarria. Beraz, kamara digitaletan edo beste edozein grabazio digital egiterako orduan, bere erabilera mugatua egongo litzateke. Eragozpen hori gainditzeko lanean ari direla adierazi dute NTTkoek.

Eduki grafikoak eta ikusentzutekoak gordetzeko euskarri aproposa dela nabarmendu dute NTTkoek. Eta salneurria hain merkea izanda, aldizkarientzako osagarri egokia izan daiteke.

Erantzunak

Eñaut
2004-03-08 : 12:32

NTT-k dioenez, oraingoz Giga bat gorde dezake memoria honek. Laister 10era heltzeko asmoa dute, eta etorkizunean 100 GB gordetzeko gai izango dela diote.

Erantzun

Sartu