"Periferiak"en barruan, atzo Bilboko Bidebarrietan Ixiar Rozasek Gianni Celatiren obra aurkeztu zuen; ondoren, Harkaitz Canok hitzaldi antzeko bat egin zuen Celatiz. Azkenik, Celatiren beraren dokumental bat proiektatu zuten. Berandu amaitu zenez, egunkari batzuek ez dute horren berri ematerik izan. Hona hemen zeozer.
"Nahiago nuke ez egin" jarri zioten hitzaldiari, Celatiren pertsonaia askoren jarrera Bartlebyrenaren tankerakoa baita; jarrera horri esker lortzen dute tenplua amildu osteko azken zutabe gisa irautea, behin betiko desagertu baino lehen. Nolabait, italiarra denbora-tarte absurdu eta izorratzaile horren berri ematen saiatzen omen da, umorez eta maitasunez beti ere.
Hitzaldiak aurrera egin ahala, kezkaturik genekusan Cano Bartlebyren antza hartzen. Argalduz zihoan. Zioen: "leku honek badu halako suntuositate bat guztiz deseroso egiten zaidana". Edota: "nolako gauzak esaten ditudan, gehiegi ari naiz luzatzen, ea lehenbailehen isiltzen naizen."
Halako batean, ondo ezagutzen duen mamu mota bat aurkeztu zigun: pattar zalea, botilak pixkanaka husten dizkizuna.
Bestalde, Canok, behinola, Rodin museoan, museoaren zaindari bat ikusi zuen, leihotik "Pentsalaria" eskulturari begira: zaindariaren gorputza geldika-geldika eskulturaren jarrera berdin-berdina hartuz joan zen. Era berean, Celatiren pertsonaiek bat egiten dute gauzekin. Kontua da patxada osoz (behar-beharrezkoa dugu beti patxada) zuhaitz baten abarren mugimenduei begiratzea, ordu laurden batez, eta ondorioz zeuk ere hurrengo egunetan abarrek bezala mugitu eta pentsatzea; eta sentitzea zelan gauzaki bizigabeek, esker onez, diosal egiten dizuten.
Edonola ere, Canok, bukaera aldera, belar izpi bat zirudien, zuhaitz sendo baten guztiz kontrakoa. Eta, hain zuzen, halaxe amaitu zuen Celatiren obraren aurkezpena: belarra da, zenbaitetan ebaki egiten du, bisturiak bezala, baina koltxoi gisa ere erabil liteke.
Gauez, Ruperren kontzertua amaitu ondoren, Canok, etxean sartzeko giltza ezin erabili eta bere burua sartu behar izan zuen sarrailan. Bertatik mamu zurruteroa ikusi zuen korridorean, izara zikin baina alegeraki kantari. Orduan Canok gaua sarraila barruan igarotzea erabaki zuen. "Celatik dizula gau on", agurtu zuen mamua.
Erantzun
Sartu