Bihar, otsailak 27, banatuko da etxeetan Asteon astekariaren lehen zenbakia. Telebista-aldizkaria da Asteon, eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren eta tokiko zenbait hedabideren ekimenez gauzaturiko egitasmoa da. Abadiñon dauka egoitza, eta Jasone Osoro idazle eta kazetaria du zuzendari.
Asteonen 0 zenbakia Durangoko azokan banatu zen joan den abenduaren 5ean; datorren ostiralaz geroztik, berriz, astero-astero doan banatuko da Euskal Herriko 75.000 etxetan. Diseinu koloretsua, testu irakurterrazak eta kolorez beteriko 48 orrialde izango ditu aldizkari berriak. Urtebeteren buruan, 100.000 ale inguruko botaldira iristea da eragileen asmoa. Datuek erakusten duten moduan, euskarazko kazeta batek sekula izaniko zabalkunderik handiena izango du Asteonek.
Astekari tematiko honek irakurleak entretenitzea du xede, informatzaile, erabilgarri eta kritiko izateaz gain; hamaika atal landuko ditu horretarako: magazinak, erreportajeak, elkarrizketak, iritziak, generokako lanketa (telesailak direla, zinema dela...), telebista-programazioa eta abar. Ipar zein Hego Euskal Herrian ikus daitezkeen kate nagusien kontuak aletuko ditu batik bat.
Aurkezpen jaia, martxoaren 4an
Aldizkaria jendaurrean aurkezteko ekitaldia izango da datorren astean Bilbon Gran Hotel Dominen. Martxoaren 4an izango da, arratsaldeko 19:00etan. Euskal gizarteko 150 gonbidatu inguru elkartuko da bertan, esparru oso desberdinetako pertsonak tartean direla: telebista-aurkezle zein aktoreak, kirolariak, enpresaburuak, musikariak, erakundeetako ordezkariak eta euskalgintzako lagunak, besteak beste.
Asteoni buruz gauza gehiago jakin nahi izanez gero, helbide elektronikora idatzi edota 946 21 84 93 zein 946 21 81 61 telefonoetara dei dezakezue.
Hona hemen lehen zenbakiaren portada:
Ohar bat Asteon astekariaren inguruan. Harpidetza eta banaketaren inguruko zalantzak argitzeko honako e-postara idatzi: banaketa.asteon@topagunea.com
Mila esker