Jakin aldizkariak hainbat arazo ditu, eta bere harpidedunei laguntza eskatu die gutun baten bidez. Jarraian, horren testua.
Agur, euskaltzale hori!
Urte Berri baketsua opa dizugu.
Iazkoa ez da urte ona eta baketsua izan Jakin-en. 135. zenbakian (martxoa-apirila) salatu genuen gertatutakoa: zuzendariaren atxiloketa, bulegoan egindako miaketa luzeak, hainbat dokumentu eta materialen inkautazioa, besteak beste. Ordenagailuak itzuli dizkigute, beste ezer ez.
Ia urtebete igaro denean, eraso judizial-polizial hark eragindako kalte moral eta materialen berri zehatzagoa dugu. Jakin eta jakinkideen izen ona, ibilbide profesional eta intelektuala zikintzen saiatu dira. Eta horrezaz gainera, kalte ekonomiko zuzena: Madrilgo gobernuaren diru laguntzak kolpetik kendu dizkigute, Estatuan zehar hainbat liburutegik jasotzen zituzten harpidetzak moztu egin dizkigute, "Irakurgaiak" saileko liburuak subentzioetatik kanpo utzi dizkigute.
Aldizkariaren ekonomia ahularentzat golpe gehigarria izan da hau.
Eta hori ez da guztia: Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzetan murriztapenak izan ditugu: %14 gutxiago. Eta honi erantsi behar diozu iazko aurrekontuari dagokionetik ez dugula xoxik kobratu, urtea pasatuta gero ere!
Ekonomikoki nahikoa egoera larrian gaude; zergatik ukatu?
Aurrera egiteko zure babesa eta laguntza behar dugu, morala eta ekonomikoa. Ez daukagu formularik: abonatu berriak eginez izan liteke, edo dirua aldizkariaren kontuan sartuz (30350050710500750447); ez dakigu.
Abonatu berriak egiteko hain zuzen, bost (5) fitxa bidaltzen dizkizugu. Eskertuko genizuke zure inguruan ahalik eta gehien zabaltzea, lagun berriak behar ditugu eta. Harpidedunak dira guretzat laguntza moral eta ekonomiko inportanteena.
Sei zenbaki dira urtean eta seien harpidetzak 42 euro balio du (45 euro kanpoan). Webgunean ere badago harpidetzeko aukera.
Milesker aurretiaz eta eutsi diezaiogun Jakin-i!
Ez adiorik,
JAKIN
Egunkaria eta enparauen aurkako operazioaren ondoren, "epeletik gora"ko erantzuna eskatu zitzaion Jaurlaritzari erasoen aurrean. Dudarik gabe, hurrengo paragrafoa "epeletik gora"koa da. Norabide okerrean, baina. Nora goaz hauekin?
"Eta hori ez da guztia: Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzetan murriztapenak izan ditugu: %14 gutxiago. Eta honi erantsi behar diozu iazko aurrekontuari dagokionetik ez dugula xoxik kobratu, urtea pasatuta gero ere!"