Joan den ostiralean AEBetan, Apple hasi zen saltzen iPod mini, musika jogailu berria, eta, itxura guztien arabera, harrera ona izan du. Europara apirilean iritsiko da.
Urtarrilean aurkeztu zenetik Macworld erakustazokan, San Frantziskon, ikusmin galanta sortu zen iPod mini, Applen musika jogailu berria ikusteko. Applek esan du aurrez 100.000 eskari jaso zituela; jende horrek ordaindu egin zuen aurretik, eta jaso zuen ipotx berria ostiral eguerdian, etxean. Gainerakoak, ostera, arratsaldeko 18:00etan hasi ziren saltzen.
Christopher Breen kazetariak idatzi du nola joan zen ipotx bat erostera San Jose hirian, Kalifornian, eta guztira 100 bat lagun aurkitu zituen, iPod mini erosteko prest. Haietako zenbaitek bazuten iPod jogailu bat, baina beste bat nahi. Beste batzuk oparitzeko asmotan joan ziren. Kolorerik salduenak, berriz, larrosa eta berdea.
Walnut Creek herrian, berriz, 45 bat lagun hurbildu ziren ipotx berria erostera, kronika honek salatzen duen bezala. Beraz, badirudi ez zirela sekulako iladak sortu iPod mini erosteko, baina nahiko ondo saldu zela.
Kritika onak
Kaleratu aurretik, kritika asko agertu dira iPod miniren inguruan, eta denak onak izan dira, oso onak ez esatearren. Hori bai, gehienak bat datoz ipotx berria garestiegi dela esatean, orain 249 dolar balio baitu.
Walt Mossberg adituak ere horixe deritzo The Wall Street Journal egunkarian: iPod mini zoragarria da, ezin hobeto dabil, baina, aukeran, 50 dolar garestiegi.
Ezaugarriak
iPod mini da iPod musika jogailu familia ospetuaren azken kumea, ipotxa, bera baita txikiena eta dotoreena. Aurrekoak ez bezala (denak zuriak baitziren), hau bost koloretan dator: berdea, larrosa, urdina, urrea eta zilarra.
Ipotxa kreditu txartel bat baino apur bat handiagoa da, 9,14 cm. luze eta 5 cm. zabal. Eta 102 gramu pisatzen du. Beraz, arina da, oso. Barruan, baina, disko gogor bat du, 4GBkoa, eta hor sar daitezke 1.000 bat abesti. Gutxi gorabehera, 65 bat ordu musika.
iPod mini dator iTunes 4.0 musika kudeatzeko programarekin, eta Windows (W 2000 edo W XP), nahiz Mac OS X sistema eragile bat behar duzu ordenagailuan. Instalazioa erraza omen da: sehaska lotu USB edo Firewire sarrerako portuetan, softwarea instalatu eta kito.
Badu beste ezaugarri interesagarri bat: 25 minutuko babesa, musikak jauzirik egin ez dezan, adibidez, arineketan egiten baduzu musika entzun bitartean. Hori lortzeko, ipotxak gorde egiten du 25 minutuko musika flash memorian.
Apirilean, Europan
Ostiralean AEBetan bakarrik jarri zuten salgai. Gainerako herrialdeetan, berriz, Europa barne, apirilean izango dugu erosteko moduan. Applek oraindik ez du erabaki hemen zer preziotan jarriko duen aparailu berria.
Erantzun
Sartu