Sustatu logoa Teknologia albisteak

Elurra ari du, kontuz errepidean

Joxe Aranzabal
2004-02-19 17:02

Arratsaldeko 15:30ak ezkero elurra ari du mara-mara Euskal Herriko zenbait lekutan. Ondoko albiste honetan saiatuko gara esaten, zuen laguntzarekin, nola dauden gure errepideak, eta mendateak irekita dauden ala ez.

Kanpazar, oraingoz zabalik

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Sailak esan digu Kanpazar oraindik irekita dagoela, baina kontu handiz ibili beharra dagoela, eguraldia txarrera egiten ari delako.

Kanpazarko harrobira ere deitu dugu, eta esan digute autoren bat edo beste pasatzen ari dela, baina oztopo handiekin, elur asko egiten ari baita. Gainera, bi kamioi gurutzatuta geratu omen dira Kanpazartik Arrasatera bidean, eta horrek eragozpenak eragin ditu trafikoan.

Beraz, Kanpazar igaro behar duzuenok, hobe duzue lehenbailehen abiatzea, ahaztu barik kateak aldean eramaten, beharbada behar izango dituzue-eta. Bilborantz zoaztenak, bestela, hobe zenukete autobide hartzea Bergaran, gero Bizkairantz egiteko.

Elorrioko inguruak zuri-zuri daude arratsaldeko laurak ezkero. Hemen ordu erdi lehenago hasi da elurra gogor, eta oraingoan igarri da benetan datorrela ekaitza.

Trafiko Sailak webgune bat du, eta hor agertzen da mendateak nola dauden, baina ez dirudi eguneratuta dagoenik. Telefonoz deitu nahi izanez gero, deitu hona mendateen berri jakiteko: 902 11 20 88.

Dena dela, Sustatun saiatuko gara lehen eskuko informazioa ematen, gure irakurleen bidez. Animo eta idatzi nola dauden errepideak zuen inguruetan. Eskerrik asko!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu