Nola Armani jantzietan, gazte hau bikaintasunera iritsi da aparailu berriak diseinatzen. BBCk izendatu du pertsonarik eraginkorrena Britainia Handiko kulturan, iaz urteko diseinatzailerik onenaren saria jaso ondoren. Jaun-andreak, Jonathan Ive, iMac ordenagailuaren diseinatzailea!
iMac ordenagailua ezezik, iBook txikia ere diseinatu zuen. Eta baita iPod musika jogailu arrakastatsua ere, ahaztu gabe iMac berria, Iban Arantzabali hainbeste gustatzen zaiona. Izan ere, ez da harritzekoa, Jonathan Ive lehendakariordea baita Applen, eta berak zuzentzen du hango diseinua.
Arte eta Diseinua ikasi ondoren Newcastleko Eskola Politeknikoan, denboraldi labur batez lan egin zuen aholkularitza enpresa batean, Londresen, bere enpresa ezarri aurretik, Tangerine izenekoa, non hainbat bezero egin zituen, tartean Apple. 1992an, liluratuta haren lanarekin, Applek tentatu, eta Cupertinora eraman zuen, Ivek 30 urte zituela.
Talentu ikaragarria
Elastikoa eta unai prakak jazten omen ditu lanerako, non 70 ordu ere egiten baititu astean. Hasieran ez omen zen ondo moldatu han, baina Steve Jobs itzuli zenetik, buru-belarri eta pozik ari omen da. Izan ere, bai enpresako lehendakariak nola diseinatzaileak, biek maite dute diseinu ona, eta zaintzen dituzte xehetasunik txikienak.
Jonathan Ivek Applentzat diseinaturiko produktuek sekulako eragina izan dute ordenagailuen alorrean, joera eta estilo berriak ezarri baitituzte ordenagailugileen artean, nahiz eta Applek merkatuaren zati txiki bat baino ez eduki.
Horregatik BBCk aukeratu du Jonathan Ive pertsonarik eraginkorrena Britainia Handiko kulturan. Bigarren J.K. Rowling idazlea izan da, Harry Potter pertsonaiaren sortzailea.
Erantzun
Sartu