Eusko Jaurlaritzak aldizkari bat argitaratu du Gazte-txartela duten gazteentzat. Gazte News aldizkari berriak hainbat informazio eskainiko die 26 urtetik beherakoei: txartelak eskaintzen dituen abantaila eta deskontuen berri izango dute.
Urtarrilaren amaieran kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak Gazte News aldizkariaren lehenengo alea. Txartelak eskaintzen dituen abantailak argi eta zabal komunikatzeko beharrari erantzuten dio Gazte News aldizkariak, izan ere, eskaintzen dituen aukerak erabiltzaileek ezagutzen dituztenak baino askoz zabalagoak dira: deskontuak aisian, modan eta prestakuntzan; beherapenak bidaia, aseguru eta gidari-eskoletan eta aldizkarian aldiro-aldiro zehaztuko diren hainbat eta hainbat zerbitzu.
Aldizkaria doan banatuko da unibertsitate, institutu eta gazte-zentroetan. Zenbaki bakoitzak eduki berezia izango du urtaroaren arabera. Lehenengo zenbakiak, neguan argitaratu zenez, elurrari buruzko atal berezi bat du eta, bertan, Espainiako eta Europako eski-estazioetan egiten diren deskontuen berri ematen da.
Horretaz gain, hainbat informazio eskaintzen du beka, estreinaldi, ikasketa-bidaietarako eskaintza eta abarri buruz, eta elurrarekin edo ikasketekin zerikusia duten artikuluak argitaratu dira. Eskaintza bereziei buruzko atal bat ere badu, bidaia, optika, gimnasio, arropa-denda eta abarretako deskontuen berri ematen duena.
Duela 17 urte, 1987an, Eusko Jaurlaritzak Gazte-txartela sortu zuen. Eusko Jaurlaritzaren ekimen hau sortu zenetik, 1987ko ekainetik, alegia, Gazte-txartelaren jabeak agiriak eskaintzen dituen onurez balia daitezke eta, beraz, diru-abantailak izango dituzte kultur ondasun eta ondasun materialak erabiltzean.
Txartela bizi-kalitatea eta aisiaren erabilera hobetzeko atera zen eta, gaur egun, filosofia berberari eusten dio. Gaur egun, 40.000 gaztek dute txartela Euskal Autonomia Erkidegoan. Ekimena 14 eta 25 urte bitartekoei dago zuzenduta eta, ateratzeko, nahikoa da www.gazteaukera.net atari gaztean sartzea eta Euskadiko Kutxako edozein sukurtsaletara jotzea. Hamar bat euro balio du eta lau urteko iraupena du.
Erantzun
Sartu