Teknologia albisteak
1

Cenarrusa Zentroa sortu da Boisen, euskal kultura sustatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-02-10 : 13:02

Atzo aurkeztu zen Idahoko hiriburuan (AEB) erakunde berri bat, Cenarrusa Center for Basque Studies, eta honek lan egingo du euskal ohiturak, hizkuntza eta kultura zabaldu eta hobeto uler daitezen. Proiektua aurkeztu zen Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza baten aurrean, Joseba Azkarraga Justizia sailburua hantxe zela.

Pete Cenarrusak eta bere emazte Fredak eman dute dirua Cenarrusa Center for Basque Studies erakunde berria sortzeko. “Bizirik nahi digugu euskal kultura, hizkuntza eta ohiturak, eta lan egingo dugu hango eta hemengo jendeak hobeto uler ditzaten”, esan zuten atzo erakunde berria aurkezterakoan.

The Idaho Statesment egunkariak dioenez, John Bieter izango da erakunde berriko zuzendari nagusia, Dave Bieter Boiseko lehen alkate euskaldunaren anaia. Johnek atzo azaldu zuen erakunde berriak lan egingo duela Boiseko Unibertsitatearekin batera, eta etxea izango duela Euskal Museoan.

Aurrerantzean Cenarrusa Zentroak hainbat unibertsitateren diru laguntza bilatuko du, Boisekoarena eta beste zenbaitena, eta baita Eusko Jaurlaritzarena ere. Hasteko, sustatuko ditu oinarrizko ikasketak bertako unibertsitatean eta beste hainbat ikastetxetan, beti ere euskal gaien inguruan. Halaber, litekeena da hitzarmen bereziak egitea Renoko Unibertsitatearen Euskal Mintegiarekin, eta Eusko Jaurlaritzarekin.

Pete Cenarrusa

Pete Cenarrusa 1917an jaio zen Carey herrian, Idahon, guraso euskaldunen familian. Bigarren Mundu Gerran Marinan ibili zen, gerra pilotu moduan, eta 1950ean Idahoko Legebiltzarrerako aukeratu zuten, non azken hiru urteetan ganberako buru izan zen. 1967tik 2002ra, berriz, Idahoko Estatu idazkari jardun zuen.

Petek beti erakutsi du euskal jatorria harrotasunez, eta saiatu da zubi lanak egiten AEBetako euskaldunen eta hemengoen artean. 2002ko martxoan, lan egin zuen Bieter anaiekin batera, Idahoko Legebiltzarrak onar zezan deklarazio bat Euskal Herriaren autodeterminazioaren alde.

Eskerrak idahotarrei

Atzo, hain zuzen ere, Joseba Azkarraga Justizia sailburuak eta beste bost lagunek bisita egin zioten Idahoko Legebiltzarrari, Dave Bieter alkate euskaldunaren konpainian. Han, Azkarragak eskerrak eman zizkien Idahoko legegileei, orain bi urte hartu zuten erabakiarengatik.

“Bereziki estimatzen dugu Idahoren laguntza, nazioarteari dagokionez Euskadin bakartuta sentitzen gara eta”, adierazi zion Azkarragak Idaho 2 News telebistari.

Boiseko alkateak, berriz, esan zuen “hura proposamen bat izan zela, bakearen aldekoa. Euskaldun gehienek nahi dute indarkeria amaitzea. Baina nahi dute, orobat, eztabaidatzea beraien auto gobernuaz”.

Erantzunak

Joseba
2004-02-11 : 12:59

Kerryk botatako azkenak bezalakoak eragozteko bali badu, gaitzerdi. Geure burua defendatu aurretik, ezagutarazi egin behar dugu.

Erantzun

Sartu