Asperturik zure segapotoaren tekla txikietan mezu laburrak idazten? Baliteke Siemens etxeak soluzioa aurkitu izana, PenPhone aparailuarekin: telefonoa da, eta balio du luma bezala, mezu laburrak idazteko.
Lumafono honekin, nahikoa izango duzu edozer idaztea edozeren gainean: telefonoak itzuli egingo du zuk idatzitakoa letra estandarretara, idazkera errekonozitzeko teknologia erabilita. Eta, voilà, hortxe izango duzu SMS edo mezu labur bat, gertu bidaiatzeko. Horrela azaldu du honen berri PC World agerkari elektronikoak.
Siemens enpresa alemanak sortu du hibrido hau, baina ezaugarri berritzaile horrezaz gain, enpresak gogorarazi nahi digu lumafono honek eskainiko dituela eskuko telefono estandarren zerbitzuak, GSM teknologian oinarriturik.
Lumafono hau, bistan da, eginda dago SMS asko erabiltzen dutenentzat, eta hauen artean gazteak dira nagusi, askotan gogorra egiten baita mezuak idaztea sakelakoaren tekla estuetan.
Datorren martxoan erakutsiko du Siemens etxeak lumafono hau Cebit erakustazokan, Hannoverren. Hala ere, oraindik ez omen du erabaki berau produzitzen hasiko den edo ez.
Erantzun
Sartu