Euskaldun guztiak terrorista John Kerry-rendako, IBOren iritziz
Urtarrilaren 31n John Kerry senatariak hitzaldi bat eman zuen Oklahoman. Hainbat arazoren gainean jardun zuen, horien artean terrorismoaren aurkako borroka aipatu zuen. Esan zuenez, munduko herrialde askotan bizi izan dira urtetan terrorismoarekin: IRArekin Irlandan, IRArekin Ingalaterran, euskaldunekin Espainian eta Sikh-ekin Indian.
Sikh-ei eskatu die barkamena
Kerry-k IRA identifikatu zuen, ez zuen esan irlandar guztiak terroristak zirenik, baina euskaldunek eta Sikh-ek ez zuten zorte hori izan.
Sikh komunitateak barkamena eskatzeko esan zion Kerry-ri, eta halaxe egin zuen senatariak otsailaren 6an, gutun ofizial baten bidez. Baina, euskaldunen aurrean ez du barkamenik eskatu oraindik.
Kanpaina martxan
Hori dela eta, AEBetako euskaldun batzuek osatutako talde batek, International Basque Organization For Human Rights (IBO) erakundearen bidez, kanpaina bat jarri dute martxan, John Kerry-k barkamena eska diezaien publikoki. Kanpaina egin dutenen arabera, helburua ez da senataria mintzea; helburua da berari ohartaraztea kultura oso bat terroristatzat jotzeak duen arriskuaz.
IBO elkarteak mezu elektroniko batzuen bidez zabaldu zuen dei hori, baina horren berririk ez dago oraindik IBOren webgunean. Kerry-ri e-postaz idazteko eskatzen zen mezu horretan, hauteskundeetarako duen Johnkery.com webguneko helbide elektroniko batera idazteko.
Erantzunak kargatzen...