Teknologia albisteak

Udalek arazoak izan ditzakete Wi-Fi sareak jartzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-02-06 : 12:02

Telekomunikazioen Merkatuko Komisioak (CMT) espainiar estatuan sektoreko liberalizazioa zaintzen du. Komisio honek ez du begi onez ikusten udaletxeek erabilpen librekak diren hari gabeko sareak sortzea. Donostiako, Sopelako eta Oñatiko Udalek Wi-Fi sarea jarri nahi dute.

Ezin zerbitzu publiko izan

Komisioaren ustetan, Udalek telekomunikazioen sare publikoa sortu eta ustiatzen badute, merkatuan beste agente ekonomikoen parean jardun beharko dute eta ez Administrazio Publiko moduan. Ezingo diete galerei Udal fondo publikoen bidez aurre egin. Donostiako, Oñatiko eta Sopelako Udalen asmoek CMT-ren ustearekin topo egiten dute, Wi-Fi azpiegiturak finantziatu nahi dituzte-eta.

Zerbitzua ordainpekoa edo doanekoa izateak ondorio ugari ditu. Telekomunikazioen Merkatu Komisioak dioenaren arabera, Wi-Fi sare horiek merkatuko konpetentzia librean arituko den egintza izaki, ezin da zerbitzu publiko bezala aritu. Gauzak honela, beti ere CMT-ren esanetan, operadoreen konpetentzia librea bermatzeko, Udalek ezin dituzte antenen kostuak ordaindu. Beraz, sistemaren kostua ordaindu beharko da sarea beraren ustiapenarekin lortutako irabaziekin.

Wi Fi-ren aldeko apostua

Mota honetako ekimena azaldu zuen lehena Sopelako Udala izan zen. Euskaltelekin batera, hondartzetan eta bi udal eraikinetan antenak ezartzeko asmoa dauka Udalak. Orain egun gutxi, Oñatiko Udalak hartu zuen lekukoa, zazpi udal eraikuntza lotzeko egitasmoarekin. Donostian aldiz, Cristina Enea parkean jarri nahi dute Wi-Fi sistema, bertatik Internetera konektatu ahal izateko. Gainera, sarea handitu nahi du: Boulevarrera, Alderdi Ederrera, Alde Zaharrera, Urgull mendira eta hondartzetara. Sopelako eta Oñatiko proiektuen berri eman genuen Sustatun.

Euskaltelek eta Telefonicak parte hartuko dute proiektu hauetan, baita Hispavista eta Afitel enpresek ere. Donostiako Udala sarearen erabilpena ordainpekoa izateko aukerak aztertzen dabil, Oñatiko eta Sopelako Udalek aldiz, doan eskainiko dute zerbitzua.

Erantzun

Sartu