Sustatu logoa Teknologia albisteak

Aznar 30 segundutan, iragarki lehiaketa

Sustatu - Sustatu
2004-02-04 12:02

Espainiako presidentearen gaineko iragarki lehiaketa antolatu dute on-line. "Bush in 30 seconds" lehiaketa estatubatuarrak eman die ideia. Bush-i barre egitea zen jatorrizko ideiaren asmoa, Espainian ere gauza bera egin nahi dute Aznarrekin.

Gillem Martínez kazetaria, Carlos Prieto diseinugilea eta Carles Gené Mediapro-ko ekoizlea dira ideia horren bultzatzaileak. Duela pare bat aste jarri zuten martxan webgunea, eta dagoeneko jaso dituzte labur batzuen gidoiak; film laburra egiteko baliabiderik ez duten batzuenak.

Martxoaren 5a azkeneko eguna

Lehiaketako arauen arabera, 30 segundo baino gutxiagokoak izan behar dira lanak. Lehiaketan parte hartzeko 2004ko martxoaren 5eko 24:00ak baino lehen bidali behar dira lanak http://www.aznaren30segundos.org webgunera.

Finalistak internauten botoei esker aukeratuko dira. Gero, epaimahai bat egongo da finalisten artean onena zein den hautatzeko. Hala ere, oraindik epaimahaia osatu gabe dago.

Saria, bazkari bat

Antolatzaileen asmoa da irabazten duen iragarkia telebistan ematea, Estatu Batuetako lehiaketan egin zuten moduan. Baina, hori egitea oso zaila ikusten dute, hauteskundeak ere bertan daude eta. Iragarkia emititzeko ere dirua behar da, eta horretarako dirurik ez dutela aitortu dute antolatzaileek.

Beraz, honako hau izango da saria: Burgosko Cogollos herrian bazkari bat, Azor yatearen (Francisco Francorena izan zen) ondoko jatetxe batean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu