Teknologia albisteak

Webgune handiak, txikientzat eginak

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2004-01-30 : 12:01

Haur kazetariak izar bihurtzen ari dira AEBetan, Alderdi Demokrataren hauteskunde primarioen harira. Han-hemenka, enpresa multimedia handiek sortu dituzte hainbat hedabide txikientzat eta, zenbait kasutan, txikiek berek idazten dituzte edukiak.

Uste dut lehenengo aldiz Olatz Arrieta EITBko berriemaileari entzun niola, Mezularia irratsaioan. New Hampshiren zegoen, AEBetan, hango Alderdi Demokrataren hauteskunde primarioen jarraipena egiten, eta esan zuen harrituta zegoela zenbat haur ikusi zituen kazetari lanak egiten. Eta are harrituago, hautagaiek berek nolako errespetuz tratatzen zituzten kazetari txikiak.

Hori zela eta, hasi nintzen sarean arakatzen, ea aurkitzen nuen fenomeno horren adibiderik, eta baita aurkitu ere, bat. Baina, bide batez, aurkitu ditut zenbait webgune, bereziki eginak haurrentzat, eta denek merezi dute bisitatxo bat.

Hamabi urteko berriemailea

Kasurik deigarriena da Time for Kids sareko aldizkaria. Haurrentzat egina dago, eta haurrak erabiltzen ditu zenbait atal egiteko. Harrigarria bada ere, 16 kazetari txiki kontratatu ditu, berriemaile lanak egiteko, denak 10 eta 12 urte artekoak.

Horietako bat, Avery Stone, 12 urteko neskatila, New Hampshiren izan berri da, eta han jarraitu du John Kerry lehendakarigaiaren kanpaina. Kronika polita bidali du, gainera.

Bilatzen duenak, aurkitzen

Yahoo! bilatzaileak, ostera, beste bilatzaile hau sortu du, txikientzat: Yahooligans! Hor era guztietako informazioak agertzen dira, baina ez Yahoo!-ko profesionalek eginak, baizik eta lotura eginez haurrentzako hedabideekin, gaien arabera.

Yahooligans! honek haurren gidaria izan nahi du, txikiak sarean sartzen direnean, jakinda, noski, gaurko haurrak biharko helduak izango direla, alegia, balizko bezeroak.

Izadia txikientzat

Hirugarren tokian aurkitu dut World aldizkaria, National Geographic handiaren umea.

Aldizkari honek izadia lantzen du, zientzia, eta historia. Baina hemen profesionalek idazten dituzte artikulu guztiak, aintzat hartuta haurrentzat idazten ari direla.

Kirolak-mirolak

Eta, nola ez, Sports Illustrated aldizkariak, AEBetako kirol aldizkaririk handiena, sortu du beste bat txikientzat: Sports Illustrated for Kids.

Webgune honek denetik eskaintzen die haur amerikarrei, kirol esparruaren barruan, eta egunero berritzen da. Hau ere profesional talde batek egiten du.

Baina Estatu Batuetan badira horrelako webgune gehiago, propio txikientzat eginak. Aztertu nahi dituenak, hementxe egin dezake klik.

Erantzun

Sartu