Oñatiko Udala ikertzen ari da udal eraikinetan Wi-Fi haririk gabeko sarea ezartzeko aukera. Horrela, sail ezberdinetako udal langileek tokiko sare baten bidez konektatzeko aukera izango lukete.
Banagunea edo zentralita udaletxean egongo litzateke eta gainontzeko udal eraikinekin konektatuko lukete:
Punta-puntako teknologia
Sistema horri esker, modu erraz batean, eraikin ezberdinetan dauden udal langileek artxiboak eta zerbitzuak trukatzeko aukera izango lukete. Era berean, telefono faktura ere txikiagoa izango litzateke, langileen arteko telefono deiak doanekoak izango lirateke eta.
Wi-Fi sarea martxan jartzeko, eraikin bakoitzean antena txiki batzuk behar dira. Mikrouhinen sareen bidez bidaltzen du informazioa sistema horrek.
Mikel Larrea, Oñatiko zinegotziaren arabera, "hamabost zentimetro inguruko antena horiek ez dute irradiaziorik helarazten eta poltsikoko telefonoen antenek baino 20 aldiz potentzia txikiagoa dute". Zera gaineratu du: "Punta-puntako teknologia da. Hasierako gastua handia bada ere, 38.000 euro inguru, telefono deien ordainagiriak sekulako murrizketa izango du".
Donostia Gaur albiste zerbitzuan irakurri dugunez, Donostiako Udalak Wifi teknologia erabiliz, haririk gabeko Interneterako konexioa eskainiko du Kristina Enea parkean. Ordenagailu eramangarria dutenek bertara joan eta Interneten nabigatu ahal izango dute. Horretarako, antenak ezarriko dira parkean. Etorkizunari begira, sistema hori hiriko beste zenbait gunetan instalatzeko asmoa du Udalak. Informazio apur bat Garan.