Hasieran inork ez zien garrantzi handiegirik eman Howard Dean lehendakarigai demokratak Iowan bere jarraitzaileei esandako hitz sutsuei, harik eta blogegileak hasi ziren arte bertsio musikatuak egiten haren orroarekin.
Horietako bat izan zen Jonathan Barlow blogegilea. Entzun zuenean Howard Deanen hitzaldia, handik hitz batzuk hartu eta musikatu egin zituen GarageBand programa erabilita. Berak dioen bezala, hamabost minutuan, hamabost segunduko banda bat sortu zuen. Sortu, ipini entzuteko moduan eta zoramena. (Zuek ere entzun ahal duzue, artikulu honen bukaeran klik eginez).
Astertean bertan deitu zioten ABC News enpresatik, ondoren Newsweek, The Wall Street Journal, MTV, The New York Times, eta beste hedabide askotatik. Bitartean, bere banda laburra izugarri zabaldu zen Interneten.
Jonathan Strong, 20 urteko ikaslea Wheaton Ikastetxean, Chicagotik hurbil, ikasten ari zen, baina Dean-en hitzak entzun bezain laster, haiek musikatzen hasi zen. Amaitutakoan, Right Magazine ikastetxeko aldizkarian jarri zuen astearte goizean. Berak kalkulatzen du jarri zuenetik egun bereko arratsaldea bitartean 7.000 aldiz jaitsi zutela abestia. Kontua da halako arrakasta izan eta gero, kendu egin behar izan zutela abestia, banda zabalero faltan.
Yeagh!!!
Iowako hauteskunde primarioak egin aurretik, Howard Dean zen ustegabeko izarra demokraten artean: mundu guztiak aipatzen zuen Vermonteko gobernari ohiak nolako ahalmena izan zuen jende gaztea mobilizatzeko bere alde.
Bozketa gauean, ordea, usteak ustel gertatu zitzaizkion, eta Dean hirugarren geratu zen, botoetan dezente atzerago lehen biak baino. Gau hartan bertan, Howard Dean bere jarraitzaileekin elkartu eta hitzaldi sutsua egin zien, jendea nahiko lur jota omen zegoen eta.
Hasi zen aipatzen ez kezkatzeko, oraindik estatu askotan irabaziko zutela, Hego Karolinan, Oklahoman, Arizonan eta Ipar Dakotan, New Mexikon. Eta ondoren joango gara Kaliforniara eta Texasera eta New Yorkera!. Eta bukatzeko, Eta handik Washingtonera, Etxe Zuria berreskuratzera! Yeeeaarrgghh!.
Badirudi pasadizo honek ez diola mesede handirik egin Howard Deani. Iowan galdu eta gero, bera zen faborito New Hampshiren, baina hasi omen da atzera egiten ikertetetan.
Gehiago irakurri nahi duenak gai honen inguruan, Newsweek aldizkariaren webgunera jo dezake. BBCk ere aukera ematen du jatorrizko hitzaldia bideoan ikusteko.
Horrelako txorakeria bategatik hainbesteko saltsa ?
Lehen USAko hauteskundeetan erabili ohi ziren gona kontuak baino ere barregarriagoa da hau.
Deanek orru batzuk egin dituela..., eta ?