Telebistako iragarkiak Internetera pasa dira. Joan den astean, telebistako kalitate eta ezaugarri berdinekin iragarkiak ematen hasi dira dozena bat webgunetan. Unicast konpainiak garatu du horretarako teknologia berria.
Lehen ere, hainbat iragarlek erabili izan dituzte bideo iragarkiak Interneten, baina ez telebistako kalitatearekin. Teknologia berri baten bidez Interneteko irudiek 30 frame segundoko abiadura izango dute, telebistan bezala. Teknologia berri hori New York-eko Unicast konpainiak garatu du.
Unicast-en sistemak erabiltzailea konturatu gabe kargatzen ditu iragarkiak. Telebistan moduko emaitza lortzen da eta erabiltzaileak ez du derrigorrez abiadura handiko konexioa eduki behar.
Unicast-en teknologiak pop-up blokeatzaileak saihestu egiten ditu, baina erabiltzaileak iragarkiak baztertzeko aukera du horretarako dagoen ikonoan klik eginez. Badirudi erabiltzaileak iragarkiz bonbardatuko dituela aukera berri horrek, baina teknologia horren sustatzaileen arabera, ez omen da horrelakorik gertatuko... ez, behintzat, epe laburrean.
Pepsi, AT&T, Honda, Vonage edo Warner Brothers bezalako iragarle handiek teknologia berri hori frogatzea erabaki dute. Sei asteko test baten parte hartuko dute iragarle horiek. John Vail, AEBetako Pepsi Cola-ren marketing eta baliabide digitalen zuzendariak esan duenez, "hau telebista da, baina telebista gabe".
The New York Times egunkariak baieztatu duenez, bihar hasiko balira iragarkiak ematen, 100 milioi erabiltzailerengana iritsiko lirateke. Eta ez hori bakarrik, erabiltzailearen nabigazio ibilbidea jarraitzeko aukera izango lukete webguneetako editoreek. Egin dituzten kalkuluen arabera, erabiltzaile bakoitzak egunero iragarki bat ikusiko luke, gutxienez.
Erantzun
Sartu