Sustatu logoa Teknologia albisteak

Microsoft vs. Mikerowesoft

Sustatu - Sustatu
2004-01-21 10:01

Hitz joko dibertigarria

Mike Rowe kanadar gaztearen diseinu konpainiaren webgunea da hori. Rowe-k bere izenarekin egin zitekeen hitz jokoa dibertigarria zela iritzi zion eta bere negozioa ezagun egiteko ere izen egokia zela eta, mikerowesoft.com deitu zion webguneari. Baina, txistea amesgaizto bihurtu zaio orain. Microsoft-ek auzia jarri dio.

Rowe-k joan den urteko abuztuan errejistratu zuen webgunearen izena eta azaroan jaso zuen Microsoft konpainiak Kanadan dituen abokatuen gutuna. Abokatuek webgunearen izena Microsoft-i ematea eskatu zioten. Rowe-k, harrituta, gutun batekin erantzun zien esanez, denbora eta ahalegin handia behar izan zuela bere negozioa martxan jartzen eta ez ziela izena emango diru eskaintza baten truke ez bazen.

10 dolarreko eskaintza

Microsoft-eko abokatuek 10 dolar eskaini zioten. Rowe-k 1.000 dolar eskatu zituen. Orain gutxi, lodieran 2,5 zentimetrodun pakete bat jaso du Rowe-k, beldurtzeko modukoa. 25 orrialdeko gutun luzean bere aurkako akusazioa biltzen da: bere izenaren aitzakian, Microsoft diru kopuru handia ordaintzera behartu nahi duela esaten da bertan.

Akusazio horren aurrean, zera dio Rowe-k: "Nik ez nuen inoiz ez dut nahi izan beraiengandik ezer ateratzerik". Bere esanetan, 1.000 dólar eskatu ditu, 10 dolarren eskaintza baxuak nahiko haserretu baitu.

Microsoft enpresako inork ez du adierazpenik egin. Orain, Row esperoan gelditu da, ia domeinuak errejistratzen dituen enpresak bere deitura noiz kenduko dion. Bitartean, Mike Rowe-k auziaren jarraipena egiten du bere webgunean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu